Lanbide-gaixotasuntzat jo da egoitza bateko gerokultora baten "Sindrome zerbikobrakial zehaztugabea"

2018/09/26
EAEko Auzitegi Nagusiak lanbide-gaixotasunaren ondoriozkotzat jo du adinekoen egoitza bateko gerokultura baten aldi baterako baliaezintasunaren prozesua, sindrome zerbikobrakial zehaztugabeak eragindakoa. Epaia ELAk irabazi du.

Sindrome zerbikobrakial zehaztugabea ez dago jasota lanbide-gaixotasunen zerrenda ofizialean; hala ere, epaiak lanbide-gaixotasuntzat hartu du, aski frogaturik geratu baita lotura badagoela mugimendu errepikakorren, laneko gainkargen edo ahalegin fisiko bizien eta agerturiko patologiaren artean; eta gainera ez dagoela lanaz kanpoko faktorerik lesioaren agerpena arrazoibidez azaltzen duenik.

Puntu honetan argitu behar da patologia hori idunean sortzen dela, eta handik eskuko atzamarretaraino zabaltzen dela, zantzu, zeinu neurologiko eta zirkulaziokoak dituela, eta garaiz tratatu ezean ondorio larriak utz ditzakeela.

ELAk ona deritzo epai horri, zeren aurrekari gisa hartu ahal izango baita egoitzetako beste langile batzuentzat, hala nola gainerako sektoreetako langileentzat, baldin eta mugimendu errepikakorrak, laneko gainkargak eta ahalegin fisiko biziak etengabe egin behar badira.