Laneko osasuna: zigorra MESA enpresari #Landeia

2018/11/13
ELAk salaketa aurkeztu ondoren, Lan Ikuskaritzak zigorra ezarri dio MESA enpresari substantzia kantzerigenoak erabiltzeagatik

ELAk tinko jarraitzen du langileen segurtasunaren eta osasunaren alde; oraingo honetan, Frantziako Schneider Electric taldeko Mungiako MESA enpresan. Tentsio ertaineko eta handiko ekipo elektrikoak diseinatzen eta egiten ditu enpresa horrek, alor ugaritarako: industria, energia eta abar.

Urteak daramatza ELAren MESAko sindikatu-atalak enpresa horretan laneko arriskuen prebentzioan atzeman diren arazoak konpondu nahian. Enpresak, aldiz, ez du batere lagundu zeregin horretan. Eta, azkenik, ekarri du emaitzarik borrokak: Lan Ikuskaritzan salaketa aurkeztu ondoren, substantzia kantzerigenoak manipulatzea debekatu egin zaie behin-behineko langileei.

Lan Ikuskaritzak frogatu duenez, behin-behineko langileak erabiltzen dituzte enpresa horretan soldadura- eta pintatze-lanetarako eta erretxinak injektatzeko. Gauza jakina zen lanpostu horietan kutsatzaile kimikoak erabiltzen zirela, eta horregatik zigortu du Lan Ikuskaritzak MESA enpresa: arau-hauste administratibo oso larritzat jo du jokabide hori, eta debekatu egin dio ABLEekin kontratuak sinatzea agente kantzerigenoen eraginpean jardun behar den lanpostuetarako.

Ikuskaritzaren txostenak hau agindu dio MESAri: betetzeko 14/1994 Legea, aldi baterako laneko enpresen jarduera arautzen duena, alegia. Debekatu egiten du lege horrek ABLEetako langileak erabiltzea lanpostu bereziki arriskutsuetan. MESAko zuzendaritzak ELAri jakinarazi dionez, errekurtsoa aurkeztuko du Lan Ikuskaritzaren ebazpenaren aurka.

Garbi erakusten du enpresa horren jokabideak lantegi askotan elkarri uztartuta ibili ohi direla prekarietatea eta prebentzio-neurririk eza, baita oinarrizkoena ere. MESAn, beste enpresa askotan bezala, laneko osasunaren arloko gabeziek zuzeneko lotura dute prekarietatearekin, behin-behinekotasunarekin eta azpikontratazioarekin.

Emaitza gehiago ere ekarri du borrokak

Aipatutako ABLEetan ez ezik, enpresan bertan ere lortu dira zenbait gauza, gerora egin diren negoziazioei esker: armairu bikoitzak jarriko dira, legeak agintzen duenari jarraikiz; langileek hamar minutu izango dituzte, lanorduen barruan, beren higienerako… eta enpresak nahitaez onartu behar izan dituen beste zenbait hobekuntza.

Ez da erraza izan MESAko langileen borroka laneko osasuna dela eta. Enpresak oztopo ugari jarri dizkie, eta gogor, tinko eta —batzuetan— egoskor jardun behar izan dute lan- eta segurtasun-baldintzak hobetzeko.