LAN HERIOTZA

Langile bat hil da altueratik erorita, Durangoko Fundiciones Fumbarrin

2024/02/13
Fontechako (Araba) Porto Cubiertas azpikontratatutako langilea zen eta 45 urte zituen, teilatua konpontzen ari zela istripua izan du altueratik erorita.

Gaur goizean Durangoko Fundiciones Fumbarri enpresan langile batek lan istripua izan du teilatua konpontzen ari zela, altueratik erori eta gutxira zendu da. 45 urte zituen eta Porto Cubiertas enpresako langilea zen. Jasotako informazioaren arabera, altueran lan egiteko derrigorrezkoak diren segurtasun neurriak ez dira bete.

Aurten Hago Euskal Herrian altueratik erorita hildao hirugarren langilea da. 2024 hasi zenetik 13 dira dagoeneko lan heriotzak. Astean bi lan heriotzen batez bestekoa guztiz onartezina dela azpimarratu du ELAk.

Behin eta berriro errepikatzen den lan istripu mota honekin amaitzeko bitartekorik ez da jartzen, borondaterik ez dagoelaren erakusgarri. Prebentzio ezaren aurrean enpresek eta arduradunek duten erantzukizun zuzenaz gain, beste arduradun batzuk ere badaude, ELAk adierazi duenez: baliabiderik ematen ez duten eta lehentasunik ezartzen ez duten Gobernuak eta erakundeak.

ELAk egoera hau salatzen jarraituko du. Baita egoera jasanezin hau konpontzeko proposamen zehatzak egiten ere. Enpresaz enpresa lan eginez behingoz zigorgabetasunarekin amaitzeko eta egoera honi aurre egiteko mobilizazioaren aldeko apustu irmoa eginez ere.

Azkenik, ELAk doluminak helarazi nahi dizkie hildakoaren familiari eta lankideei, eta Enpresa Batzordeak bihar otsailak 14, 13:00etarako Fumbarri enpresaren instalazioen aurrean deitu duen kontzentrazioan parte hartzera deitu du.