LAN HERIOTZA

Langile bat hil da Gasteizen, altueratik erorita

2025/07/17
Uztailaren 15ean langile bat hil zen Gasteizen. ELAk jakin duenez, behargina eraikin bateko estalkiaren konponketa lanetan ari zen estalkia hautsi eta altueratik erori zenean, bertan hil zelarik. Heriotza berri horrekin, dagoeneko 31 lirateke 2025ean laneko istripu baten ondorioz Hego Euskal Herrian zendutako beharginak, bosgarrena Araban.

ELAk bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi die hildako langilearen senide eta lagunei. Beste behin ere, lan-merkatuan (zer esanik ez langile autonomoen kasuan) hain errotua dagoen prekarietate basatiak langile bati bizia hostu du. Prekarietate honen adibide dira langile autonomoek egin behar dituzten lanaldi amaigabeak, bakarkako lan arriskutsuak edota babes neurri falta.

Egoeraren larritasuna ikusirik, prebentzio legediaren betegabetzeen kontrol eta jarraipen neurriak berehalakoan ezarri ditzala exigitzen dio ELAk Eusko Jaurlaritzari eta Patronalari. Langileen osasuna eta bizitza erdigunean jarriko dituen erabakiak berehala hartzea inoiz baino beharrezkoagoa da, urtero 50 langile baino gehiagoren heriotza ekidingo litzatekelarik.