Langile bat hil da lan istripuan Lakuntzan

Lehenik eta behin, ELAk bere babes eta elkartasun osoa adierazi nahi die biktimei, senitarteko eta hurbilekoei, aurten dagoeneko Nafarroan 6 eta Euskal Herrian gutxienez 24 heriotz eragin dituen drama sozial honen aurrean.
Era berean, gogor salatzen du etekin ekonomikoak langileriaren osasun eta bizi baldintzen aurretik lehenesten dituen enpresa-politika kriminala. Inbertsio falta eta laneko ezbeharrak ezkutatzeaz gain, patronalak erreforma laboralek oparitutako tresnak baliatzen ditu langileen segurtasunaren lepotik lan-baldintzak okertzen jarraitzeko. Hau dela eta, 2012tik etenik ez daukan igoera ematen ari da lan-ezbeharren estatistiketan.
Bestalde, ELAren iritziz Nafarroako Gobernuaren lan-osasun politikak guztiz onartezinak dira. Orokortuak diren ez-betetzeak dauzkagun honetan, eta administrazioaren teknikari nahiz ikuskatzaile kopurua Europar Batasunekoaren erdia baino ez delarik, Ayerdi eta Goñiren Nafarroako Lan Sailak UPNren elkar-hartze eredua elikatzera bideratzen ditu baliabide publikoak, Lurraldeko Prebentzio Ordezkarien bitartez.
Azkenik, ELAk lan-ezbeharrak lantoki eta enpresetatik desagertarazteko antolatzera deitzen du Nafar langileria, Euskal Herriko gehiengo sindikalak datozen egunetan deituko dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dion aldi berean.