Langile baten lan heriotza salatzeko elkarretaratzea egin da Eibarren
Eibarren (Gipuzkoa) egindako elkarretaratzean, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta EHNE sindikatuek martxoaren 28an izandako lan heriotzaren erantzukizunak argitzeko eskatu dute. 60 urteko langilea Eibarko Azitain auzoko industrialdean lanean ari zela, oraindik ikertzen ari diren arrazoiak tarteko, bost metroko altueratik erori et hil zen. Horrekin, gutxienez 14 dira Euskal Herrian lanean bizia galdu duten pertsonak, eta bost Gipuzkoan 2022an altueratik erorita hil diren langileak. ELAk arrazoiak argitzeko eta erantzukizunak argitzeko eskatu du.
Sindikatuak oso larritzat jo du eraikuntzaren sektoreak bizi duen legediaren betetze-mailaren kontrolik eza, bai administrazioaren aldetik, bai patronalaren aldetik. “Sektoreko enpresek, langileen ongizatea eta segurtasuna bermatu beharrean, produktibitatea lehenesten dute, eta horrek, zoritxarrez, prekaritatearen hazkunde esponentziala dakar; datuei erreparatu besterik ez dago hori horrela dela konturatzeko”.
Egoeraren larritasuna ikusita, ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitu dio berehala ezar ditzala prebentzio-legeria betetzen ez den kasuetarako kontrol- eta jarraipen-neurriak, eta, aldi berean, dei egin dio lantokietan antolatzera eta urtean 50 pertsona baino gehiagoren bizitza aurretik daraman bidegabekeriaren aurka borrokatzera.