BIDELAGUN FUNDAZIOA
Langileon lan osasun eta segurtasunaren bidelagun

2022ko martxoan ELAk Bidelagun Fundazioa sortu zuen, enpresek lan osasunean egiten dituzten hausteei modu eraginkorragoan erantzuteko tresna gisa. Izan ere datuak edonor izutzeko modukoak dira: hamarnaka hildako lanean, ehunka gaixotasun profesionalen ondorioz hiltzen direnak, milaka eta milaka lan istripu… 2023a, beraz, Bidelagun Fundazioa martxan jarri zenetik lehen urte osoa izan zen. Datuei erreparatuta, argi dago lana lepo egin zutela: 153 espediente jurdiko berri (lehenagotik bizirik jarraitzen zuten espedienteak kontutan hartuta 254 espediente) eta 106 epaiketa. Jorratutako espedienteen artean, berriz, hiru izan ziren landutako gai nagusiak: lan istripu larriak (%35), gaixotasun profesionalak –bereziki amiantoa– (%23) eta arrisku psikosozialekin lotutako gaiak (%22).
Lana lepo bai, eta ondo egindakoa, gainera. Lan osasunaren alorrean epaitegietan lortutako garaipenen zerrenda luzea errepasatu besterik ez dago. Antsietateko hainbat kasu lan istripu direla onartzea; udaltzain baten genero jazarpena lan istripua dela onartzea; 233.000 eurotako kalte-ordaina ordaintzeko zigorra Leroy Merlyn enpresari langile batek izandako lan istripuagatik; Avanza Movilidad enpresan erorketa bat izan zuen langile bati 17.454 eurotako kalte-ordaina enpresaren segurtasun neurriak ez zirelako eraginkorrak…
Epaitegietan lortutako garaipenez gain aipagarriak dira lortu diren hainbat akordio. 366.000 euroko kalte-ordaina Bearings enpresan lau lagunek izan zuten lan istripu larriagatik; 182.963 euro UTE Anoetan izandakoagatik; 45.000 euro Metro Bilbaoko azpikontrata den Ilunionen izandako sexu eraso batengatik; 150.000 euro Cementos Portlanden izandako lan heriotza batengatik; 19.167 euro Colegio Técnico Carlos III-n izandako arrisku psikosozial kasu batengatik…
Juridikoki konplexuak, emozionalki oso sensibleak
Bidelagunek kudeatzen dituen gai gehienak juridikoki konplexuak dira. Zorionez, bertako lantaldea gaitasun handikoa da, eta eskarmentu handia izateaz gain maila juridiko altua du. Baina, epaiketa baten arlo teknikoa sarri askotan ez da kudeatzeko arlorik zailena. Ikuspuntu emozionaletik oso gai sensibleak dira: istripu larriak, hildakoak, akosoak, psikologikoki gaizki dauden pertsonak… Horrek guztiak, ezinbestean, presio handia eragiten du.
Bidelagun sortu zen ELAk lan osasunaren inguruan zituen hainbat gabezi gainditzeko asmoakin, arlo juridikoan eta baita formazioan. Erronka handia, lan osasun eta segurtasunaren arazoa handia baita. Hala ere, Bidelagunek egindako lanari erreparatuta, argi dago bide onetik doala.