Lezon izandako lan istripu hilgarria salatu dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUK

2019/09/02
Sindikatuek elkarretaratzea egin dute Lezoko Ipintzako poligonoan, abuztuaren 30ean Grúas Kuluxka-rentzat lanean ari zela hil zen Berako Recacor enpresako langilearen heriotza salatzeko. Sindikatuek langileen segurtasuna bermatzea exijitu diete enpresei. Azpikontratazioaren gaineko kontrol publikoa areagotzea ere eskatu dute.

Joan den abuztuaren 30ean Berako Recacor enpresako langile bat hilik suertatu zen, Lezoko Ipintza industriagunean Grúas Kuluxka enpresarentzat konpontze-lanetan ari zela. `Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea´ lelopean kontzentrazioa egin dute ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUK. Bertan, lan istripu hilgarria salatu dute eta ahal bezain azkar ikerketa sakona egitea exijitu diete Osalan eta Laneko Ikuskaritzari, istripuaren nondik-norakoak eta ardurak argitzeko.

ELAk laneko ezbeharren atzean patronalaren diru-gosea eta erakunde publikoen utzikeria daudela oroitarazi nahi du. Enpresek irabazi ekonomikoak eta produktibitatea lehenesten dituzte langileen segurtasun baldintzen gainetik, eta horren ondorioz azpikontratazio kateak, gehiegizko lan-erritmoak eta prekaritatea agertzen dira. Egoera honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak beste aldera begiratu eta enpresetan laneko segurtasun eta osasun arloan ematen diren ez-betetzeen jarraipena egiteko baliabide nahikorik bideratu gabe jarraitzen du.