laneko heriotza

Loiuko GECSA enpresan azpikontratatutako langile bat hil da estalki batetik erorita

2024/10/15
Langilea Amurrioko (Bizkaia) Amiantec 3000 enpresako behargina zen, baina GECSAn ari zen lanean une horretan, azpikontratatuta. 2024tik 45 pertsona hil dira, guztira, Hego Euskal Herrian, lanean.

ELAk bildutako datuen arabera, gaur, urriak 15, langile bat hil da lan istripu batean Loiuko (Bizkaia) GECSA Conductores y Conexiones Especiales, S.A. enpresan, Larrondo industrialdean. Langilea Amurrioko Amiantec 3000 enpresakoa zen, baina GECSAn (Loiu) azpikontratatuta zegoen, eta pabiloiaren estalkian alturako lanak egiten ari zen. Langilea hil egin da teilatutik eta lantegiaren barruan larri erori ostean.

Aurten 45 langile hil dira, guztira, Hego Euskal Herrian. Gauzak horrela, Espainiako Estatuko buru izaten jarraitzen du lan ezbeharrei dagokienez. Horietatik 7 altuera batetik erorita hil dira. Arrisku faktore hori da, oraindik ere, urtero izaten diren istripu hilgarrien kausa nagusietako bat. Heriotza horiek, azpimarratu du ELAk, "erabat saihets daitezke behin eta berriz eta etengabe huts egiten duten oinarrizko segurtasun neurriak egongo balira”.

Hori dela eta, sindikatuak lan istripu hilgarria eragin duten inguruabarrak ikertzeko eta argitzeko eskatu du, baita babes eta prebentzio neurririk ez egoteagatik izan daitezkeen erantzukizunak gain hartzeko ere.

Ildo horretan, ELAk Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea osorik betetzeko eskatu die enpresei, horrelako lan istripu hilgarririk berriro gerta ez dadin. Bide beretik, erakunde publikoei eskatu die ikuskari gehiago jartzea, Legea betetzen dela kontrolatzeko eta lan istripu gehiago saihesteko.