Metro Bilbaoko plantillaren zati bat minbizia sor dezakeen silize kristalinoaren eraginpean izan da

2021/12/09
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak (1730/2021) Metro Bilbao behartzen du “egunero minbizia sor dezakeen materialaren eraginpean (silize kristalinozko harea, esaterako) lan egiten duten langileen laneko arropa garbitzera”. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi du Lan Arloko Epaitegiak jada ebatzitakoa, eta Metro Bilbaok material horiek bere instalazioetan berehala ordezkatzeko agindua espresuki jasotzen ez duen arren (ELAk duela aste batzuk zehaztasunik gabe adierazi zuen hori), Lan Ikuskaritzak 2019ko maiatzean ildo horretan egindako errekerimenduak indarrean jarraitzen du.

Silize harea denbora luzez erabili da larrialdiko balaztadetarako eta beste egoera batzuetarako; horrek esan nahi du Metro Bilbaoko langile batzuk eta erabiltzaileak produktu horren eraginpean egon direla. Izan ere, Metro Bilbaoko prebentzio zerbitzuak 2019an egiaztatu zuen hainbat estaziotan silize partikula arnasgarriak zeudela, eta, gainera, horietako batzuetan, Bidezabal eta Abandokoetan adibidez, zehazki, esposizio horren neurketaren emaitza «onartezina» zen.

2019an, ELAk salaketa aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan, eta horren txostenean Metro Bilbaori eskatu zion silize kristalinoa erabiltzea saihesteko, arriskutsua ez den substantzia batekin ordezkatuz, eta sei hilabeteko epea eman zion horretarako. Orduan, Lan Ikuskaritzak Metro Bilbaori exijitu zion laneko arropa garbitzeaz eta deskontaminatzeaz arduratzeko, eta debekatu egin zuen langileek beren etxeetan egin behar izatea. Lan Arloko Epaitegiaren ondorengo epaian (EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak oso-osorik berretsi du) frogatutako egitatetzat jotzen dira Metro Bilbaoko Lan Ikuskaritzaren eta Prebentzio Zerbitzuaren txostenak (material horren mibizia eragiteko gaitasuna ziurtatzen da bertan), eta enpresa silize harea ordezkatzen hasi dela onartzen da, baina lan hori ez dago burututa.

Horregatik guztiagatik, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak material hori berehala ordezteko agindua berariaz jasotzen ez duen arren, ELAk Metro Bilbaoko zuzendaritzari prozesu hori azkartzeko eskatzen dio, izan ere, aspaldidanik ezagutzen ditu bere langileen osasunerako arriskuak, eta ez du hain egoera arriskutsuetarako gutxieneko arduraz jokatu. ELAk Metro Bilbaori eskatu dio behar diren azterlanak egin ditzala arrisku horren eraginpean dauden langileen osasuna eta horrek gaur egun eta etorkizunean izan ditzakeen ondorioak bermatzeko. Gainera, Metro Bilbaoko lantoki eta geltoki guztiak zehatz-mehatz garbitzeko eskatzen dugu, edozein produktuk Metro Bilbaoko langileekin eta erabiltzaileekin harremanetan jarrai ez dezan.