AMIANTOA
Pasaiako Luzuriaga ontziolako langile bat amiantoaren ondorioz hil zela aitortu du GSINek Bidelaguni esker

Aitortza horren ondorioz, hildako langilearen emazteak alarguntza pentsioa jasoko du lanbide gaixotasunagatik, eta segurtasun neurri faltagatik prestazioen errekargua eskatzeko aukera ere izango du. Era berean, bai alargunak bai hildakoaren seme-alabek Astilleros Zamakona Pasaiaren aurkako erantzukizun zibilagatik kalte ordaina eskatu ahal izango dute, Luzuriaga ontziolaren ondorengoa baita.
Bestalde, Bidelagun Fundazioak eta ELA sindikatuak amiantoaren biktimak babesik gabe daudela ohartarazi nahi dute. Alde horretatik, beharrezkoa da erakunde publikoek behar adina baliabide esleitzea langileen osasunerako, eskubidea modu eraginkorrean bermatzeko, eta, zehazki, amiantoaren biktimena bezalako gai sentikor batean, hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatzen dute. Salatu behar da amiantoaren biktimek gaur egun ezin dituztela eskuratu Espainiako Gobernuak 2022ko urriaren 20an onartutako Konpentsazio Funtsean jasotako kalte ordainak, oraindik ez daukatelako hura garatzeko Erregelamendua, 2023ko urtarrilaren 20an onartua izan behar zuena.