LAN HERIOTZAK

Pitillasen txerri ustiategi batean izandako hiru langileen laneko heriotza salatzen du ELAk

2026/11/04
Pitillasen txerri ustiategi batean izandako hiru langileen laneko heriotza salatzen du ELAk
ELA patronalak absentismoaren inguruan zabaltzen duen diskurtsoaren aurka agertu da, eta Lan Osasunaren Nafarroako Institutuaren (NOPLOI) eta Lan Ikuskaritzaren kontrol baliabideak handitzea eskatu du.

Lehen datuen arabera, hiru langileak ustiategiko oxigeno gutxiko atmosfera zuen hobi batean hil dira. Langileetako bat bertara erori da, eta beste biak haren bila eta erreskatatzera joan dira. Lehenik eta behin, ELAk hildakoen senideei eta gertukoei elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkie. Era berean, gertatutakoa lehenbailehen ikertzeko eskatu du, berriro horrelakorik gerta ez dadin neurriak ezartzeko eta erantzukizunak argitzeko.

Urte hasieratik, 13 pertsona hil dira Nafarroan beren lanpostuetan (Euskal Herri osoan 46 langile hil dira lan istripuz). Asfixiazko heriotza mota hauek azken urteotan asko errepikatzen direnetakoak dira, eta erraz saihestu ahal izango lirateke sarbidea mugatzeko neurriak, neurketak, aireztapen sistemak eta norbera babesteko ekipamenduak ezarriz.

Horregatik, ELAk patronalari exijitzen dio absentismoaren inguruko diskurtso faltsua alde batera uzteko eta enpresek laneko arriskuen prebentzioan egiten dituzten inbertsio ekonomikoak handitzeko. Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio lan osasunaren arloko elkarrizketa sozialeko politika eraginkorrik gabekoak baztertzeko, eta NOPLOIren eta Lan Ikuskaritzaren kontrol baliabideak handitzeko, Nafarroako enpresetako segurtasun baldintzak zaintzeko.