Prekarietatea toxikoa da #Landeia

2019/05/16
Lanpostuetatik produktu hilgarriak kentzeko exijitu zuen ELAk Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunean. Azken Landeiak gaiaren inguruko erreportajea jasotzen du.

Zortzi substantzia kantzerigenorekiko esposizioa mugatzea erabaki zuen Europar Batasunak (EB) 2018ko urriaren 11n. Honenbestez, muga berriak ezarri zizkien europar araudiak lehendik ipiniak zituenei. Behin-behinekoa da Batzorde Parlamentarioaren eta Europako Kontseiluaren arteko erabakia, eta ministroek zein Europako Legebiltzarreko osoko bilkurak berretsi behar dute indarrean sar dadin.

Milaka hildako eragiten dituzte lantokietako substantzia kantzerigenoek Europa osoan, Euskal Herria ere barne dela, jakina. Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, laneko ezbehar traumatikoek hiltzen duten langile bakoitzeko 26 hiltzen dituzte gaixotasun profesionalek. Datu izugarri horiek adierazten digutenez, 1.700 bat langile hil ziren 2018an Euskal Herrian gaixotasun profesionalen eraginez.

Zoritxarrez, ELAko kideok ere ongi asko dakigu drama horren berri, afiliatu asko hil baitzaizkigu laneko istripu traumatikoen zein lanarekin lotutako gaixotasun profesionalen eraginez.

Apirilaren 28an, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Egunean, gogoratuko ditugu hildako guztiak, egun hori dela-eta antolatu ditugun bi ekitaldietan. Bilbon eta Iruñean egingo dira, hilaren 26an, ostirala, eta bideo batean jarriko dira ikusgai langile hauen kasuak: Milagros Sarasola (Productos Aislantes PAISA, Errentera), Juan Carlos González Lasa (Mármoles Aztiria, Azpeitia), Zuhaitz Alberdi Etxart (Mármoles Aztiria, Azpeitia), Fernando Castaño Rodriguez (Fundiciones Joaquín Bereciartu, Legazpi) eta Jesus Mari Calvo Ansa (Fundiciones del Estanda, Beasain). Zuzeneko lekukotza emango digute guztiek, ondo asko baitakite zein ondorio larriak dakartzan produktu kantzerigenoekin (amiantoa eta silizea, besteak beste) lan egiteak, eurek edo lankide zein senideren batek jasan baititu. 

Laneko Osasunaren arloko arduradun den Pello Igeregik azaldu duenez, hau da ELAren helburua gai honi dagokionez: bitarteko gehiago jartzea arazoari aurre egiteko. “Aldatzekoa da, aurten, produktu kantzerigenoei buruzko europar araudia, eta argi askoa da gure aldarrikapena: ez da erabili behar horrelako produkturik enpresa bakar batean ere. Kontua ez da zer plus edo konpentsazio eman behar zaien produktu horiekin lan egiten dutenei. Ez. Kontua da araudi berriak laguntzea gure enpresetan produktu kantzerigenorik erabil ez dadin. Izan ere, ez dago inoren giza bizitza konpentsatzeko adina dirurik” 

Igeregik azaldu duenez, prekarietatearekin ere lotura estua du arazo horrek. “Produktu toxikoen lan egitea prekarietatearen beste ondorioetako bat da. Ez dezagun ahantzi, bestalde, produktu horiekin jarduten direnek ez dutela jasotzen, kasu askotan, behar den trebakuntza”.