Prekarietateak laneko biktima berri bat eragin du, oraingoan garraiolari bat #PrekaritateaHiltzailea

2021/02/10
Otsailaren 9an garraiolari bat hil zen A-3020 errepidean, Donemiliaga parean (Araba). Garraiolari gehienek pairatzen dituzten lan-baldintza eskasak agerian uzten dituen beste istripu bat. Aurten sei langile hil dira lan-istripuan. Egoera salatzeko, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egingo dute otsailaren 15ean, astelehena, Araia Asparrena industrialdeko sarreran, 11:30ean.

Garraiolari asko autonomoak dira, baina sektorearen zati bat txoferrak ere badira. Administrazioak sektoreari azken urteotan eman dion utzikeriaren ondorioz, garraiolarien eta gidarien lan-baldintzak ez dira hobetu. Ezinbestekoa da bien egoerak aurrera egitea, garraioen prezioa igoz, lan-ordutegiak hobetuz edo, adibidez, Europako herrialdeetan indarrean jartzen ari diren neurriak hartuz.

Eztabaidaezina da batzuen lan-baldintzak hobetuz gero, guztien baldintzak hobetuko direla. Administrazioek sektoreko lan-baldintza eskasak mozorrotzen dituzte. Garraiolariek jasaten dituzten lan-istripuak sektorearen erabateko desarautzearen eta erabateko eskubide faltaren ondorio zuzena dira. Beren lanari eusteko, enpresa kargatzaileen presei eta presioei aurre egin behar izaten diete, ordutegi estuei, gehiegizko pisua duten kargei, zerbitzuengatiko prezio baxuei, lanaldi luzeei, garraiolariari garraioa deskargatzeko exijentziari, duintasunez atseden hartzeko ezintasunari.

Horiek dira garraioaren jarduera duin eta segurua gauzatzea zailtzen eta oztopatzen duten egoeretako batzuk, eta, gainera, askotan arriskuan jartzen dute profesional horien bizitza. Horiek dira, aldi berean, administrazioek entzungor egitea nahiago duten egoerak; garraio merkea lortu nahi dute, edozer gauzaren kontura.

Garraiolariek izaten dituzten lan-istripuak ez dira askotan estatistika ofizialetan zenbatzen: trafiko-istripu gisa ezkutatzen dira. Beste batzuetan, eta ez garraioan bakarrik, administrazioek "heriotza naturalak" laneko istripu gisa ez hartzeko joera dute, laneko estresak, adibidez, eragin ditzakeen ondorioak erabat ahaztuta.