LAN OSASUN ETA SEGURTASUNA

Segurtasun Sailak 15.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio ertzain bati laneko istripu batean izandako arduragabekeriagatik

2024/10/02
Eibarko Lan Arloko 1 zenbakiko epaitegiak Segurtasun Saila eta seguru etxea kondenatu ditu ertzain bati 14.791 euroko kalte ordaina eta legezko interesak ordaintzera. Epaileak ebatzi du ertzainak alkoholemia kontrol batean izandako lan istripuaren arriskua saihesteko ardura zuela Sailak. Bidegun ELAren fundazioak irabazitako epaiak egiaztatzen du Segurtasun Sailak bazuela ertzain baten lan istripu arriskua saihesteko ardura.

Epaitutako gertakariak 2019ko martxoaren 8koak dira. Herritarren segurtasunari atxikitako ertzaina alkoholemia kontrol bat egiten ari zen, duela gutxi erositako furgoneta automatiko batekin. Ertzainak furgoneta alkoholemia kontroleko posizioan utzi zuenean, erabiltzen zituen beste ibilgailuetan (automatikoak horiek ere, baina beste sistema batekin) egin ohi zuen posizio berean eragin zion martxa aldaketari, eta itopuntuaren ordez, atzerako martxa sartu eta ibilgailuak ertzainaren oina harrapatu zuen.

ELAk langileen lan osasuna bermatzeko eta babesteko sortutako Bidelagun Fundazioak irabazitako epaiak honako egitate hauek frogatutzat eman ditu:

  • Ertzainak ez zuela furgonetaren erabilerari buruzko prestakuntzarik edo informazio espezifikorik jaso.
  • Furgoneta berriak lan ekipamendu berri bat sartzea dela, ertzainak normalean gidatzen zituen ibilgailuen aldean "aldaketa nabarmenak" dituena.
  • Segurtasun Sailak ez zuela eskura jarri ezta ibilgailuaren eskuliburua ere.
  • Sailak eta EBko aseguru etxeak B1 gidabaimena edukitzea nahikoa dela egindako alegazioari dagokionez, zera dio: "B1 gidabaimenak ez duela inola ere bermatzen edozein ibilgailuren erabilera, eskuzkoa edo automatikoa izan, ezta modelo bakoitzaren ezaugarri berezi eta propioak ere".

Bidelagun Fundazioak oso positibotzat jotzen du epaia. Izan ere, enpresei eta erakundeei gogorarazten die bermatu behar dutela plantillek prestakuntza eta informazio egokia jasoko dutela lan tresnen arriskuei buruz, baita lana egiteko beharrezkoak diren prebentzio eta babes neurriei buruz ere.