Sistema honek gaixotu eta hiltzen gaituela salatu dute Gasteizen #PrekaritateaHiltzailea

2021/04/27
Apirilaren 28a Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da. Hala ere, Araban bezperan ospatu dute eguna, apirilaren 28a San Prudentzio eguna baita. ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek deituta ehunka lagun bildu dira Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Iaz lan-istripuetan hildako 70 lagunak ekarri dituzte gogora, ahaztu gabe oraindik ere Joaquin Beltran desagertuta jarraitzen duela Zaldibarko zabortegian.

ELAren izenean Izaro Mujikak hartu du hitza, sindikatuak lan osasun eta segurtasunean Araban duen arduradunak. Sistema honek gaixotu eta hiltzen gaituela salatu du. “Lan istripuetan hildako lagunak oroitu ditugu, baina horiek ez dira arazo honen biktima bakarrak. Lanean makina bat lagun Koronabirusaz kutsatzen dira, amiantoaren eraginpean egoteagatik beste 28 heriotza daude, gaixotasun profesionalak daude, arrisku psikosozialak… Langileon osasuna eta segurtasuna krisi larria sufritzen ari da, baina honetarako ez dago erreskate planik”.