Smurfit Kappa Nervionen izandako azken lan istripuak lan-baldintzen okertzearen ondorio dira

2020/03/12
ELAk gogor salatzen du martxoaren 11n Smurfit Kappa Nervión enpresan gertatutako lan-istripua. Iurretako lantegiko langile bati zango bat hodien artean trabatuta geratu zitzaion istripuz, eta horren ondorioz ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzia batean. Istripu larri hori ez da bakarra izan; martxoak 6an beste langile bat eraman zuten ospitalera, ponpa bat manipulatzean bigarren eta hirugarren mailako erredurak jasan baitzituen bere eskuetako batean.

Hain egun gutxitan lan-istripu horiek gertatu izana ez da txiripazkoa. Ekiditeko modukoak ziren, baldin eta Zuzendaritzak segurtasun-neurriak bete izan balitu. Enpresa jolasean ari da langileen osasun eta bizitzarekin. ELAk azpimarratu nahi ditu Smurfit Kappa Nervion enpresako lan-istripuen arrazoiak:

  • instalazioen narriadura, lan-erritmo azkarregiak
  • jardueren azpikontratazioa
  • lan-segurtasun eta osasunaren arloko ez-betetzeak.

Egoeraren larritasuna dela-eta, ELAk salatzen du, baita ere, erakunde publikoen borondaterik eza gure gizarteko gaitz hori errotik kentzeko. Horretarako, lan-segurtasun eta osasunaren arloko politika publikoak guztiz aldatzeko eskatzen dugu. Neurri eraginkorrak behar ditugu, gure enpresetako lan-segurtasuna benetakoa izan dadin. Eta gainera, zehapen eredugarriak ere ezarri behar dira segurtasun-aginduak betetzen ez dituzten enpresen aurka.

Testuinguru honetan, ELAren Atal Sindikalak dei egiten die plantillako langile guztiei elkarretaratze bat egitera, martxoaren 13an, lantegiko ateen aurrean, 12:30etatik 13:30ak arte, ondoz ondoko istripu horiek gaitzesteko.

Azkenik, ELAk bere elkartasun osoa adierazten diegu gure lankide zaurituei, eta lehenbailehen osatzea opa diegu.