OÑATIKO UDALA

Udala zigortu dute mantenimenduko langile baten osotasun fisikorako eskubidea urratzeagatik

2025/07/17
Eibarko Lan Arloko Epaitegi Bakarrak Oñatiko Udala zigortu du bi epaietan mantenuko langile baten Osotasun Fisikorako Eskubidea urratzeagatik. Epai horien arabera, 2024ko otsailaren 29an hasitakoa langilearen baja lan istripu baten ondorioa da. ELAren Bidelagun fundazioa pozik azaldu da epaiekin. Uste du agerian uzten duela administrazio publikoen prebentzio falta

Lehenengo epaiak dio 2022 eta 2024 urteen artean langileak izandako lau bajak produktu kimikoekin kontaktua izateagatik izan direla, lanpostuaren egokitzapen faltagatik sortutako dermatitisaren ondorioz. Izan ere, langileak alergikoa izan arren sastrakak garbitzeko erabiltzen den produktu kimikoei, Udalak ez zuen behar bezalako arduraz jokatu langilearen osasuna babesteko.

Bestetik, bigarren epaiak ondorioztatzen du langilearen antsietate baja eratorri dela ikusteagatik Oñatiko Udalak ez zuela neurririk hartzen bere osasuna bermatzeko. Belar-sastrakak garbitzeko lanak egitera bidaltzen zuten, alergia eragiten zioten produktu kimikoen eraginpean lan egitera behartuz.

Honela dio epaiak: "Udalak bazekien demandatzaileak mugak zituela eskuzko belar-sastrakak kentzeko eta erabiltzen ziren agente narritagarriekin lan egiteko. Lekuko-frogaren bidez, frogatu zen 2023ko maiatzaren 19ko Segurtasun eta Osasun Batzordea demandatzailearen egoerari buruzkoa izan zela, eta alkateak ere horri buruzko adierazpenak egin zituela. Gainera, egiaztatuta geratu da, halaber, langileen ordezkariek bilera eskatu ziotela alkateari 2023ko urtarrilaren 10ean eta ekainaren 1ean, langilearen lan arazoa aztertzeko, baina ez zuten konponbiderik lortu”.

Beraz, Udalak, brigadaburuaren bitartez, langilea behartu zuten eskuz eta haize-makinarekin belar-sastrakak kentzeko lanetan aritzera, nahiz eta prebentzio-zerbitzuak, Fremap mutuak eta Osakidetzak lan horiek ez egiteko gomendatu. Horregatik, eskatzaileak bost baja izan ditu produktu kimikoek eragindako dermatitisarengatik. Udalaren jarrera ikusita, lan osasunak eta ELAk eta prebentzio zerbitzuak esku hartu zuten, baina aldaketarik lortzen ez denez, ezintasun psikologikoaren sentsazioa sortu zion langileari.

ELAren Bidelagun fundazioa pozik agertu da epaiekin, eta gogorarazi du garrantzitsua dela lan eremu seguruak bermatzea, laneko arriskuen prebentzioaren arloko araudia errespetatzen dutenak. Uste du, halaber, epai horrek agerian uzten duela administrazio publikoen prebentzio-kulturaren falta.