Uranio aberastua deskargatu da Bilboko portuan langileei ezer esan gabe

2012/10/10
ELAk Bilboko portuan materiale erradiaktibo gehiago ez deskargatzeko exijitzen du. Horrekin batera, langileon onurarako, arrisku bakoitzari dagozkion protokoloak eta babes ekipamenduak erabiltzea eskatzen du.

 

Irailaren 10an Liverpooletik zetorren itsasontzi holandar batek Bilboko portuan, Espainiako zentral nuklearrak hornitzeko 12 tona uranio oxido aberastua deskargatu zituela jakin genuen prentsaren bidez. Lehen, material hau Santanderretik bidaltzen zen zentral nuklearretara, baina arrazoi ekonomikoak direla eta portuz aldatzea erabaki da. Bilboko portuko iturriek material mota hau jasotzeko prestatuak daudela ziurtatzen dute. Langileak ordea, ez datoz bat iritzi honekin, prentsan irakurri baitzuten aurreko gauean esku artean izan zutena material erradiaktiboa zela.

ELAko Bilboko portuko delegatuekin elkarrizketa batean, hiru enpresa ezberdinetako langileak kontenedore horiekin lanean egon zirela aipatu ziguten: Denbolan, aldi baterako laneko enpresakoak , Noatum enpresakoak eta Bilbo-Estiba enpresako langileak.

“Hiru enpresetatik langile batek ere ez zekien zer motatako materialea mugitzen ari ginen, arrisku piktogramak baino ez genituen ikusi kontainerretan. Portuko Agintaritzak eta enpresek ez zuten informatu deskarga berri honi buruz, ez Segurtasun eta Osasun Komitea, ezta langileria ere. Langile batzuk lanean ziharduten bitartean Portuko Agintaritzako norbait kontenedore inguruan neurketak egiten ikusi zuten baina ez zekiten zer neurtzen ari zen eta gaur egun ez dute neurketa horien ondoriorik izan. Beste arazo nabarmen bat zera da, portutik zentral nuklearretaraino eramateko, kamioiek hainbat herritatik pasatu behar direla.

Badirudi batzuei ahaztu egiten zaiela produktu honen izaera. Ez gaude hitzegiten isuritakoan erre egiten duen edozein produktu kimiko bati buruz. Erradiaktiboa den produktu bati buruz hitzegiten ari gara, bai langileentzako eta baita herritar guztientzako ere izugarrizko arriskua duena. Uranio aberastua eta edozein produktu kimiko, gauza bera direla konbentzitu nahi dituzte langileak. Protokolo berdinak erabiltzen dituztenez arriskurik ez dagoela esaten diete baina ez da horrela. Ondorioak ez dute konparaketarik, minbizia eta efektu mutagenikoei buruz dihardugu. 

Ohikoa da Portuko langileek esku artean zer dutenaren informaziorik ez izatea. Deigarria da benetan Lan Arriskuen Prebentziorako Legea , (31/95 Legea), onartu zenetik 17 urte pasa direnean, oraindik ere enpresa batzuk ez jakitea derrigorrez lan arriskuen inguruan, langileak informatu eta kontsultatu behar dituztela .Are gehiago, langileen parte hartzea bultzatu behar dutela derrigorrez (18.art.). Bilboko portuak, Athletic patrozinatzen duen bitartean, bizitza asko salbatuko lukeen medikalizatutako anbulantzi batetarako dirurik ez dagoela esaten duenean, lan osasun eta segurtasuna ez dela lehen ordenako kontua adierazten du.

ELAk Bilboko portuan materiale erradiaktibo gehiago ez deskargatzeko exijitzen du. Horrekin batera, langileon onurarako, arrisku bakoitzari dagozkion protokoloak eta babes ekipamenduak erabiltzea eskatzen du.