COVID IRAUNKORRA

Zaintzaile baten ezintasun iraunkor pentsioa %30 handitzea lortu du ELAk

2025/06/10
Justiziak prestazioen errekargua aitortu dio langileari, Errenteriako Jesusen Bihotza Egoitzak segurtasun neurriak ez hartzeagatik

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak Ezintasun Iraunkor Osoko pentsioaren gaineko % 30eko Prestazio Errekargua aitortu dio Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzako zaintzaile bati, COVID Iraunkorra hartu baitzuen bere lanpostuan, segurtasun neurriak ez zirela hartu ebatzita.

BIDELAGUN Fundazioaren -kasuaren defentsa juridikoa eraman du- eta ELAren arabera, epai garrantzitsua da, ez bakarrik ondorio material eta ekonomikoengatik, baita Kabiaren -Gipuzkoako Foru Aldundiaren mendeko erakunde publikoa- eta EULEN Zerbitzu Soziosanitarioak enpresa esleipendunaren prebentzioaren arloko jarduera arduragabean fokua jartzen duelako ere, Gipuzkoako Aldundiaren titulartasun publikoko egoitzetan lan egiten den prekaritate eta segurtasun falta baldintzak agerian utziz.

Bidelagun Fundazioak aurkeztutako errekurtsoaren arabera, enpresek ez zituzten bete Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Ministerioak garbitasunaren eta higienearen arloan egindako segurtasun-protokoloak; EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baietsi egin du langilearen eskaera.

Epaiak, besteak beste, honakoa dio:

  • "pasibotasun bat egon zela kodemandatuen aldetik instalazioen garbiketa bermatzeari dagokionez".
  • "krisi-batzordearen kudeaketa txarrak eragin zuen instalazioak egunetan ez garbitzea"
  • "enpresa-antolaketak ezin du langileentzako inolako arriskurik eragin"
  • "krisi-batzordeak, Kabiako zuzendaritzak eta EULEko kideek osatutakoak, garbiketa garbiketako langileek ez egitea nahi izateak, erizaintzako laguntzaileek baizik, ez ditu erantzukizunetik salbuesten babes eraginkorra ematera behartuta dauden enpresak".

Garrantzitsua da, halaber, arrakasta judizial hori Lan Ikuskaritzaren irizpidearen aurkakoa delako; izan ere, irizpide horrek ez zuen uste Kabiaren eta EULENen jarduketan segurtasun-neurririk falta izan zenik, egindako ez-betetze larri eta nabarmenak gorabehera. Era berean, Bidelagun Fundazioak eta ELAk epai hori nabarmendu dute, gaixotasun hori duten pertsonei ikusgarritasuna ematen dielako.