Zaldibarren duen erantzukizuna ezkutatzeko Eusko Jaurlaritzak isiltasunaren legea ezarri nahi die Ingurumen saileko langileei

2020/02/12
ELAk salatu du atzo Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordeak isiltasunaren legea ezarri nahi izan ziela Zaldibarko zabortegian gertatzen ari denari buruz bere saileko eta Uraren Euskal Agentziako langileei posta elektronikoz mezu bat bidalita.

Mezu horretan sailburuordeak laguntza eskari orokor bat egiten die langileei, epe labur eta erdira egin beharreko urratsetan, eta ondoren mehatxu egiten die, ardurak galdegingo dituela egin daitezkeen “adierazpen” edota “informazioak” medio. Zehazki, Elena Morenok eskatzen die “Administrazioko funtzionario bati dagokion erabateko diskrezio, zuhurtzia eta konfidentzialtasunaz” joka dezatela gai honi dagokion guztian, ez diezaizkieten leporatu “adierazpen edota informazioren baten ondoriozko ardurak”.

Sailburuordeak ohartarazpena berretsi egiten du aurrerago: “Sailburuordetza honetako ohiko bideetatik kanpo argitaratzen den informazio oro ardura pertsonal gisa hartuko da”. Nabarmena da langileei isiltasunaren legea ezarri nahi diela, ez baitu nahi publiko egiterik lan osasun, osasun publiko eta ingurumen arloetan gertatu izan zitezkeen urraketa, arduragabekeria eta ezer egin ez izanaren kasuak.

ELAren iritziz mezu hauek Jaurlaritzaren estrategiarekin bat datoz, izan ere, Zaldibarko zabortegian gertatutakoaren inguruan bere ardura ukatu nahi baitu. Gobernuak azaldu egin beharko luke zer dela eta ez duen esku hartu duela gutxienez zortzi hilabete ezagutu ziren arauhauste larrien aurrean, eta antzeko zenbat kasu dagoen, hots, zenbat aldiz Ingurumen Baimen Bateratua bete ez arren inolako zigorrik ez den ezarri.

ELAk gogoratu du duela hainbat hilabete eskatu izan diola Ingurumen Sailari informazioa EAEn egiten diren jarduera kutsatzaileei buruz, baina ez duela halakorik jaso, informazio hori publikoa izan eta ezagutzeko eskubidea zor zaion arren.

Sindikatu honek Elena Morenori eta Jaurlaritzari eskatu die beren gain har dezatela dagokien erantzukizuna, alde batera utz dezatela hura ukatzeko eta gizartea desinformatzeko estrategia, eta joka dezala hain sarri ahotan hartzen duen baina betetzen ez duen gardentasunaz. Halaber, galdegiten diegu ez daitezela saiatu Ingurumen saileko eta URA agentziako langileak beldurtzen.

ELAk gogoratu du langile publikoek herritarrei zerbitzu independente, objektibo eta inpartziala eman behar dietela, eta ez dutela egon behar unean uneko arduradun politikoen erabakien menpe.