GIPUZKOAKO ERRESIDENTZIAK

Gipuzkoako erresidentziak: prekaritatearen aurka emakumeak tinko

2026/05/27
Gipuzkoako erresidentziak: prekaritatearen aurka emakumeak tinko
Hilabete luzeetako mobilizazioen ondoren, borrokak lehen ondorioak utzi ditu: erabat blokeatuta egon den negoziazioa berriz martxan jartzea lortu dute langileek. ELAk sektorea duintzeko proposamena aurkeztu du, eta gogorarazi du borroka ez dela soilik lan baldintzen ingurukoa, zaintza eredu osoarena baizik.

Gipuzkoako erresidentzia eta eguneko zentroen hitzarmen berrirako negoziazioa iazko urtarrilean hasi zen, eta ordutik ari da ELA prekaritatea gainditzeko lanetan; hamaika mobilizazio eta greba sektorialez gain, zortzi erresidentzietan aurrera jarraitzen du greba mugagabeak, dagoeneko 150 egunen langa gaindituta. Sektorea osatzen duten 5.000 langileen gehienak emakumeak dira, eta ia erdiak borondatezkoak ez diren lanaldi partzialekin ari dira lanean.

Egoera horrek zuzenean eragiten du bai langileen bizi baldintzetan, bai egoiliarrei eskaintzen zaien arretan: ratioak okertu, lan kargak handitu eta langileen rotazioa areagotu egiten da. Horri gehitu behar zaio soldata arrakala: urtean 10.000 eurotik gorakoa da sektore publikoko langileekin alderatuta.

Are larriagoa da zenbait zentrotan, bereziki KABIAren menpekoetan, non partzialtasuna %55era iristen den. Datu horrek erakusten du prekaritatea ez dela soilik enpresa pribatuek kudeatzen dituzten egoitzetako arazoa, baizik eta administrazioaren erantzukizun zuzena ere badela. Gainera, zaintza lanen feminizazioak areagotu egiten du egoera hau, eta genero arrakala egiturazko arazo bihurtzen da sektorean.

Kontratu finkoak eta lanaldi osoak ardatz

Hilabete luzez patronalek Matia, Adegi eta Lares ez dute proposamen esanguratsurik aurkeztu, eta horrek negoziazioaren blokeo osoa ekarri du. Egoera horrek luzatu du gatazka, baina aldi berean agerian utzi du grebaren indarra: martxoaren 27ko bileran patronalek proposamen bat aurkeztu zuten lehen aldiz, presioaren ondorioz. Dena den, urrun dago langileen aldarrikapenetatik.

Gauzak horrela, ELAk apirilean bere proposamena aurkeztu zion patronalei eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, sektorea duintzeko helburu argiarekin. Lanaldi osoko kontratuak bermatzea da lehentasuna, prekaritatearen muinari heltzeko eta egoiliarren arreta nabarmen hobetzeko.

Horrez gain, honakoak jasotzen ditu proposamenak: KPI kontsumo prezioen indizea aintzat hartuta iazko eta aurtengo soldatetan %5eko igoera bultzatzea, 60 urtetik gorakoentzat lanaldia 30 ordura murriztea eta kotizazioa %100ean mantenduz erretiroa hartu arte soldatarik gabeko %25erainoko baimena eskatzeko eskubidea izatea. Era berean, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko neurriak ere jasotzen ditu, langileei horretarako baliabideak eta denbora bermatuz.

Instituzioen inplikazioa

Ez da soilik lan baldintzen kontua: egungo egoerak lotura zuzena du azken urteetan ezarri den zaintza ereduarekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak sektorea pribatizatu izanak lan baldintzen eta zerbitzuaren kalitatearen etengabeko narriadura ekarri du. Enpresek kudeatzen duten arren, baldintzen oinarria instituzioek ezartzen dute, baina ez zaio mugarik jarri prekarizazioari.

Testuinguru horretan, Aldundiaren inplikazio falta salatu du ELAk. Martxora arte ez da bilerarik izan, ezta aurrekontu akordioetan jasotako konpromisoak ez dira bete. Are gehiago, grebaren aurrean, zerbitzu minimoak %90era arte ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak. Honek esan nahi du praktikan urte guztian dagoela zerbitzua minimoetan.

Ekimen politikoak sustatzeko beharra ere azpimarratu du. Hainbat alderdiri eskatu die azken hilabeteotan Foru Gobernua, patronalak eta sindikatuak mahai berean esertzeko bideak errazteko, blokeo egoerari irtenbide politikoa emateko.

Batzar Nagusietako azken osoko bilkuran, EH Bilduko batzarkideek aurkeztuta Gipuzkoako Diputazioa lurraldeko adinekoen egoitzetako lan-hitzarmenaren negoziaketan inplikatzeari buruzko ebazpena eztabaidatu zen. EAJ-PSE eta PPren bozkekin, ordea, Diputazioaren inplikazioa lausotuko duen ebazpena gailendu zen.

Greba dinamikak ez du etenik

Bien bitartean, sektoreko greba eta mobilizazioez gain, zortzi egoitzatan greba mugagabeak aurrera dirau eta 200 egun betetze bidean daude: Donostiako Txara II (Biharko Gipuzkoa), Villa Sacramento (Domusvi-Mitie), La Paz (GSR-Coop.Mondragon), Errenteriako Sgdo.Corazon (Eulen), Zumarragako Argixao (Gerozerlan-Matia) eta Zumaiako San Juan (Clece), Ordiziko San Jose (Zaintzen-Clece) eta Sanmarkosene (Errenteria). 

ELAk lanean jarraituko du akordio bat lortzeko, baina baldintza batekin: sektoreko egiturazko arazoei heldu behar zaie. Horrek esan nahi du partzialtasunari amaiera ematea, soldata arrakala murriztea eta zaintza sistema duinago bat eraikitzea.

Azken batean, gatazkak agerian utzi du eztabaida ez dela soilik sektoriala. Zaintza lanen balioa, emakumeek nagusiki betetzen duten lan baten aitortza eta zerbitzu publikoen eredua daude jokoan. Eta horren aurrean, langileek argi utzi dute: prekaritatea ez da onargarria, eta borroka da aldaketa bideratzeko tresnarik eraginkorrena.