Munduan Zehar

Munduko langileria, faxismoari eusteko horma

2026/05/28
Munduko langileria, faxismoari eusteko horma
ELAk mundu mailako bi topagune sindikaletan parte hartu du, Argentinan eta Brasilen, eskubide sozial, laboral eta kolektiboen defentsa eremu sindikal, sozial eta politikotik erantzun kolektiboak taxutzeko beharraren inguruko gogoeta egiteko.

Nazioarteko sindikalismoa funtsezko eragilea da faxismoaren eta inperialismoaren gorakada geldiarazteko. Hori da ELAk Brasilen eta Argentinan izandako nazioarteko topaguneetan parte hartuta atera duen ondorio nagusia.

Luis Fernandez Batzorde Eragileko Sindikalizazio eta Militantziako arduradunak parte hartu zuen martxoaren 22an Argentinako La Plata hirian garatu zen nazioarteko eztabaida eta gogoeta jardunaldian. `Estatu-kolpea izan eta 50 urte igarota, atzoko diktadurari eta gaurko faxismoari erresistitzen ari gara´ goiburuarekin herrialde hartako sindikatu nagusiek -CTA Autónoma, CTA de los Trabajadores eta CGT-, antolatu zuten jardunaldia. Halaber, ELA izan zen martxoaren 26an hasi eta 29ra arte Brasilgo Porto Alegren antolatutako I. Konferentzia Antifaxistan. 

Nortasun ezberdineko bi herrialdi izanagatik ere, Brasilek eta Argentinak antzeko erronkei egin behar diete aurre, esaterako faxismoaren gorakadari. Argentinako topaketan aldarrikatu zen batasun sindikala dela faxismoari gailentzeko eta diktadurei buru emateko oinarria. Argentinan bezalaxe, Brasilgo eztabaidaren ardatza izan zen eskuin muturraren eta indar neofaxisten hazkunde globala, eta eremu sindikal, sozial zein politikotik erantzun kolektiboak eman beharra, lankidetza internazionalista eta eskubide sozial, laboral eta kolektiboen defentsa indartuz. ELA bat dator gogoeta honekin; beraz, Porto Alegreko Adierazpenarekin bat egin zuen: Agiri honetan faxismoaren eta inperialismoaren gorakadaren aurrean batasuna sendotzeko deialdia egiten da, baita herrien burujabetzaren defentsa, ikuspegi demokratiko eta sozialetik. 

Faxismoaren aurrean indarrak batzeko erronkan langileriak zer esan handia du. 

Buenos Aireseko topagunean Luc Triangle Nazioarteko Konfederazio Sindikaleko idazkariak esan zuenez, “1976 eta 1983 bitartean izan ziren Argentinako historian urterik beltzenak, baina langileak izan ziren diktadura militarra amaitzeko borrokaren motorra. Gaur munduan ikusten ari garena akaso ez da kolpe militar bat, baina bai aberatsen kolpea, demokraziari, giza eskubideei eta langile klaseari erasotzen dien eskuin muturrarena. Mileik, Bolsonarok, Trumpek... guztiek ere 70. hamarkadako militarren agenda berbera dute; diktaduren moduan, lehen helburua sindikatuak izan ohi dira”.

Hain zuzen, Brasilgo kongresuan ELAk parte-hartze aktiboa izan zuen hitzaldi nagusian: `Langileen borroka neoliberalismoaren eta faxismoaren kontra´; honetan nabarmendu zen sindikalismoa ezinbestekoa dela dinamika autoritarioei eusteko.

Gainera, sindikatuak parte hartu zuen zor ilegitimoa indargabetzeko komitearen (CADTM) ekitaldietan ere. Hauetan aztertu zen gaia `Internazional neofaxista´ izan zen; estaturik gabeko nazioetako beste erakunde batzuekin batera hausnartu zen herrien eskubide kolektiboek faxismoaren mundu mailako borrokan egin dezaketen ekarpenari buruz. Espazio honetan autodeterminazio eskubidearen eta burujabetzaren garrantzia aipatu zen langileen baldintza materialak hobetzeko tresna gisa. 

Ideia bera jorratu zen Argentinan ere, non eztabaidaren ardatza bi ideia izan ziren: batetik, borroka sindikala eta internazionalismoa beharrezkoak direla faxismoaren gorakadari eusteko, eta bestetik, premiazkoa dela eskuin muturraren negazionismoa indargabetzea.  

La Platan izan zirenek nabarmendu zuten borroka sindikala kalean egitearen garrantzia, eta ohartarazi zuten oinarritik abiatuta antolatu beharra dagoela pribatizazioaren eta borroka sozialari eskeri irabazitko eskubideen suntsipenaren kontra. 

La Platako ekitaldian 73 erakunde sindikal izan ziren, hainbat herrialdetakoak: Brasil, Txile, Uruguay, Paraguay, Bolivia, Peru, Costa Rica, Honduras, Errepublika Dominikarra, Italia, Frantzia, Alemania, Belgika, Espainia, Galizia, Euskal Herria, Portugal eta Australia. Beraz, demokrazia berrezarri zenetik mugimendu sindikal argentinarrak bildu duen delegaziorik zabalena izan da. 

Aipatutako Luc Trianglez gain Rafael Freire Ameriketako Konfederazio Sindikalaren burua izan zen, baita bi CTA sindikatuetako liderrak: Autónomako Hugo Godoy, eta Trabajadores-eko Hugo Yasky. Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel sariduna ere mintzatu zen, eta Hego-Konoko Sindikatuen Koordinadorako Quintino Severo.

Jardunaldiak martxoaren 24an burutu ziren Buenos Airesen eta Argentinan zehar, Memoriaren, Egiaren eta Justiziaren aldeko martxarekin. 

Halaber, konferentzia honetan parte hartuta ELAk estatu eta nazioarteko mailan beste sindikatu eta mugimendu politikoekin aliantzak egin ahal izan ditu; horrela ezinbesteko lankidetza-sareak sendotu ditu eskuin muturari aurre egiteko. ELAk bere konpromisoa berresten du, borroka antifaxistarekin eta eta gizarte justuagoa, demokratikoagoa, herrien eskubideak oinarri duten alternatiben eraikuntzarekin.