Zazpi gogoeta Euskal Errepublikarantz
Bada, ELA sinetsita dago egoera horri erantzuteko beharrezkoa dela antolatzea eta burujabetzan pausoak ematea; horretarako mamitu du Euskal Errepublikarantz. Estrategia subiranista hauspotzeko gakoak liburua. Txalaparta argitaletxeak eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak argitaratu dute, eta zazpi egileren hausnarketak jasotzen ditu, oso ikuspegi eta esparru ezberdinetatik burujabetzaz jarduteko: feminismotik, ekonomiatik edota lan arloaren eta lurraldetasunaren ikuspegitik, besteak beste.
Izan ere, Unai Oñederra ELAko estrategia subiranistako arduradunak eta Manu Robles-Arangiz Fundazioko lehendakariak argitalpenaren aurkezpenean adierazi zuenez, Euskal Herria “impasse” egoera batean dago, nazioarteko panorama oso bestelakoa izanagatik ere. “Batzuk, gauzak aldatu nahi ez dituztenak, pozik daude Euskal Herri bare eta egonkor honetan. Oasi bat da, haien hitzetan, ezegonkortasunaren ekaitzaren erdian. Akordio eta adostasun zabalen herria gara, polarizazioa gailentzen den mundu batean. Eta, egoera horretan, eskuineko diskurtsoek gora eta independentismoak behera egiten dute”. Kezka hori izan da liburuaren abiapuntua: “gauzak ez badira mugitzen, atzerantz egiteko arrisku handia dagoelako”.
Horregatik erabaki dute sindikatuak eta fundazioak liburu hau egitea, euskal errepublikarantz joateko “norabideak” papereratzeko, Oñederraren hitzetan. “Burujabetzan aurrera egin nahi badugu, hobekuntza sozialak eta burujabetzan urratsak dakartzaten aldarrikapen zehatzak egin behar ditugu, eta horiek lortzeko ezinbestekoa izango da gizarte zibila aktibatzea, antolatzea eta konfrontazio demokratikoa bultzatzea”.
Alor sozialeko, akademiako eta sindikalgintzako egileak dira gonbidatutakoak, eta “ziklo politiko berri bat aktibatzeko gakoak mahaigaineratu dituzte”, Ane Eslava Serrano Txalapartako editorearen esanetan. Hain zuzen ere, honakoak dira parte-hartzaileak: Unai Apaolaza Amenabar (filosofoa), Uzuri Aboitiz Hidalgo (EHUko ikerlaria eta antropologoa), Andrea de Vicente Arias (EHUko irakaslea, Lan Harremanen eta Gizarte Laguntzaren Fakultatean), Iñaki Lasagabaster Herrarte (EHUko Administrazio Zuzenbideko katedraduna), Roser Espelt Alba (ELAren Azterketa Bulegoko kidea), Ainize Butron Arana (Alda elkartearen zuzendaritzako kidea) eta Amaia Alvarez Berastegi (NUPeko irakaslea).
Zehazki, Unai Apaolazak Hego Euskal Herriko abertzaletasunaren mendi erdiko ibilbidea aztertu du, eta bi estrategia abertzale bereizten ditu, biek ere porrot egin dutenak; horregatik ondorioztatu du estrategia berri baten falta dagoela. Bestelako ikuspegia du Butronek: estrategia jakin baten emaitza dira Ipar Euskal Herriko abertzaleek lortutako aurrerapausoak, Batera plataformaren eta herri ekimenaren bitartez. Amaia Alvarezek, bestalde, uste du gorpuztu gabe dagoela 2015ean UPN foru gobernutik kanporatzeak ekarritako “aldaketa”, eta beharra ikusten du gizarte auzietan sakontzeko. EAEko errealitateari erreparatuta, Iñaki Lasagabaster kezkaz mintzo da autogobernuaren higaduraz eta zentralizazioaz; are, 2018an EAEn sortutako autogobernuaren batzordeari egozten dio burujabetzaren gaia bere horretan izozteko nahia. Andrea de Vicentek, berriz, aztertu du lan harremanen eta babes sozialaren esparrua, eta ondorioztatu du Madrilek ezartzen dituen legeak ez direla aski Hegoaldeko herritar zaurgarrienak babesteko; horretarako, ezinbestean hemen kudeatu eta arautu behar dira politika soziolaboralak.
Norabide aldatzeko beharra
Uzuri Aboitizek, bestalde, aletu du burujabetza feministaren esanahia eta ekarpena: burujabetzak geruza asko dituela dio, eta horiei erreparatu ezean ez dagoela benetako burujabetzarik; premiazkoa da erabakitzeko boterea izatea bizitza duinari eusteko esparru guztietan, zaintza barne. Ildo beretik jo du Roser Espeltek burujabetza ekonomikoaz mintzo denean: eskuduntzak paperean geratuko dira, baldin eta azken hitza kapital handien eta indar ekonomikoen esku geratzen bada.
Hausnarketa horren garrantzia azpimarratu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak, burujabetza faltak eta kapital handiekiko menpekotasunak okertu dituztelako euskal langileen bizi baldintzak. Are gehiago EAEko estatus berriko elkarrizketak gizarteari bizkar emanda negoziatzen ari direnean, dioenez, eta Nafarroako Parlamentuko batzordea eztabaida instituzionalera mugatzen ari denean. Beharrezkoa da “norabidea aldatzea eta alternatiba sozial eta politiko sendoak” eraikitzea eta “gizartea aktibatzea”, alderdien zain egon gabe. Bestela, balizko adostasunek egungo zapalkuntzak “betikotuko” dituztela ziur da Lakuntza. Liburuak bide horretan pausoak emateko gakoak eskaintzen dituela ziur da idazkari nagusia.