“Borrokatzen ez denean gehiago galtzen da”

2013/05/30
ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz Gasteizko manifestazioan egon da, eta ondoren Andra Mari Zuriaren plazan izan den ekitaldian mintzatu da, greba deialdia babesten duten beste sindikatuetako ordezkariekin batera. Eusko Legebiltzarrak gaurko bilkura deitu du, eta horregatik ELAk salaketa berezia egin nahi izan du Gasteizen.

Muñozek greba orokorra dituen hiru ardatz nagusiak aipatu ditu –pairatzen ditugun politikak salatzea; alternatiba baten alde egin eta bera gizarteratzea, eta pobrezia gero eta gehiago hedatzea onartzen ez duten gune sindikal, sozial eta politikoa finkatzea–, eta bere balioa defendatu du. “Botereak, bere interesak defenditzeko, gizartean beldurra eta indiferentzia hedatzen du. Beldurrak garaitzen duenean ez dago demokraziarik. Politikak alda daitezen borrokan ari garenok lagundu egin behar diogu gure jendeari beldurra gainditzen. Beldurra gainditzeko, hain zuzen, defentsa kolektiboa daukagu”.

“Botere ekonomikoak –gaineratu du– politika txotxongilo moduan erabiltzen du, eta nahi du guk sinestea mobilizazioak alferrikakoak direla. Hori ez da egia. Borrokatzen ez denean, gehiago galtzen da. Borrokatzen ez denean galdutakoa ez da berreskuratzen. Hori erakusten digu historiak. Murrizketak ezartzen dituzten alderdiak ez lirateke hain kezkatuta egongo -jota daude- mobilizazioek eraginik izango ez balute”.

“Borroka soziala ez da sekula eraginik gabekoa izan. Borrokak izan dira beti aldaketaren motorra, baita ideia politiko berrientzako pizgarri eta eskubide eta askatasunen jatorria. Hau ere historiak erakusten digu”.

Hona hemen Adolfo Muñozen hitzaldia