Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzeko I Nazio Batzarra

2013/05/22
Maiatzaren 30eko greba orokorra deitzen duten sindikatu eta eragileek iragarri dutenez maiatzaren 25ean, larunbata, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzeko I Nazio Batzarra egingo da Eibarren. Batzarra 09:30tan hasiko da, NI-EIBAR-ERMUA BHI-n, Otaola Hiribidea 29.

Hauek dira gaur prentsaren aurrean Gune Sozio-Sindikaleko kideek Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzeko aurkeztu dituzten arrazoiak:

 

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eratzeko I Nazio Batzarra

Krisiaren aitzakiaren atzean ezkutatuta gobernu desberdinek aspaldi hasitako bideari jarraitzen diote sutsuki;eskubideak, zerbitzu sozialak, herritarron bizi baldintza duinak, urtetan eginiko borroken lorpenak murriztu eta ukatzen. Politika hauen helburuak bi dira: herritarrok pobreziara kondenatzea eta eskubideen ukazioa batetik, eta, betikoen (elite politiko eta ekonomikoen) poltsikoak beti bete-beteak egon daitezela bermatzea.

Guk ez dugu nahi pobrezian, injustizian, bazterketetan, bereizkerietan oinarritutako Euskal Herririk. Aitzitik, Eskubide sozial eta laboralen errespetuan, justizia sozialean, ingurugiroarekiko aitortzan eta errespetuan, pertsonen arteko botere-harreman hierarkikoak gaindituko dituen eta herritar guztien parte-hartze sozio politikoa bermatuko dituen Euskal Herria nahi dugu. Horregatik, urteak daramatzagu bestelako eredu ekonomiko eta sozialaren beharrizana aldarrikatzen, Madrilgo gobernuak dekretu eta legeen bidez hartutako neurriak Iruñeako eta Gasteizko gobernuak onartzen eta aplikatzen ari diren honetan salatzen eta nola ez alternatibak eraikitzeko lanean.

Bide honetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzea dugu helburu. Aldarrikatzetik harago, euskal jendarte osoaren indarrak eta garatzen ari garen borrokak batzeko eta bidean elkarrekin lerrotzeko unea da. Borrokarako tresna baliagarria izateaz gain, alternatiba eraikitze bidean, eredu ekonomiko eta sozial propioa garatzeko bide emango digula ziur gaude; Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat egin eta erabakia. Eta ez elite ekonomikoek erabakia.

Honegatik, dei egiten dizuegu, Euskal Herrian eredu ekonomiko eta sozial propioa erdieste bidean, aldaketan parte izan nahi duten eragile guztiei, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren prozesuan era aktiboan parte hartzeko, norbera bere eremutik eta borroketatik asko baitugu esateko, pentsatzeko, egiteko eta eraikitzeko. Zehazki, maiatzaren 25ean UNI-EIBAR-ERMUA BHI, Otaola Hiribidea 29, 9.30etan egingo dugun Asanblada Nazionalean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Aldaketan, bestelako herri eta harreman ereduen alde bidean elkar ikusiko dugu!

Eta bukatzeko, gaur bertan bildu garenok, “Eskubide sozial eta laboral duinak, Euskal Herrian eredu propioaren alde” datorren maiatzaren 30ean greba orokorrera batu eta kalera irteteko deia luzatzen dizuegu herritar guztiei.

Sindikatuak: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CNT, CGT-LKN

Eragile sozialak: AHT Gelditu! Elkarlana, Anitzak, Arabako Pentsionistak, Argilan, Asamblea abierta en defensa de las prestaciones sociales, Asamblea de invisibles, Distintas asambleas de parados y paradas de Bizkaia y Gipuzkoa, Askapena, Asociación de Trabajadoras del Hogar, Asociación de vecinas y vecinos de Bilbao la Vieja, Barrenkale, Berri-Otxoak, Bilgune Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanblada, Colectivo de Parados de Iruñerria, Coordinadora de grupos de San Francisco, Bilbao la Vieja y Zabala, Danok lan, Desazkundea, Eginaren eginez, Eguzki, Elkartzen, Erromoko Greba Batzordea, Eskuz Esku, Ezker Gogoa, Euskal Herriko emakumeen mundu martxako plataforma, Gipuzkoako pentsionisten duintasun elkartea, Ikasle Abertzaleak, Harresiak Apurtuz, Kakitzat, Komite Internazionalistak, Lanegia, M15M Bizkaia, Matxingune taldea, MDMA Taldea, MOC, Mugarik Gabe, Mujeres del Mundo, Pentsionistak Martxan, Plataforma por los derechos sociales de Gasteiz, Plaza Beltza Kultur Elkartea, Posada de los abrazos, Renta Básica Universal Taldea, Salhaketa, Sare Antifaxista, SOS Racismo- SOS Arrazakeria, Urtxintxa eskola, Zazpigarren alaba.