Eusko Jaurlaritzak greba orokorraren eragina leundu nahi du abusuzko zerbitzu minimoak ezarriz

2013/05/17
Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoen proposamenarekin isilarazi egin nahi dute gizartearen protesta administrazio eta patronalak hartzen ari diren erabaki basatiak direla-eta.

Maiatzaren 30eko Greba Orokorra deitu dugun sindikatuok gaur bilera batera deitu gaituzte egun horretarako gutxieneko zerbitzuak hitzartzeko saioa egiteko. Eusko Jaurlaritzak bere lehen proposamenerako oinarritzat 2012ko azaroan emandako agindua hartu du. Hots, abusu hutsa da, kolektibo askori ez baitio greba egiteko oinarrizko eskubidea gauzatzeko aukera uzten.

Zerbitzu minimoen proposamen honekin isilarazi egin nahi dute gizartearen protesta administrazio eta patronalak hartzen ari diren erabaki basatiak direla-eta. Gutxieneko zerbitzuak baliatuz herritarren haserrea ezkutatu nahi dute, eta erabaki horiek hartzen dituztenen legitimitate gabezia salatzea galarazi.

Hain zuzen, Eusko Legebiltzarrak gutxieneko zerbitzuei dagokienez eskatu du maiatzaren 30ean osoko batzarra berma dadila. Hau alde batetik abusu bat da, ez baitago inolako arazorik hitzordua beste egun batera atzeratzeko, horrela ganberako langileen greba eskubidea aintzat hartuz; bestetik, egun horretan batzarra egiteak adierazten du zein jarreratan kokatzen diren gaur parlamentuetan erabakitzeko eskubidea dutenek; greba orokor egun batez horrela jokatuta, gizartearen kontra jartzen dira. Oztopoak gorabehera, maiatzaren 30ean kalean izango gara politika horiek salatzeko.