Muñoz: “Enplegua, pentsioak, prestazio sozialak eta soldatak daude jokoan”

2013/05/28
Maiatzaren 30eko greba orokorra babesten duten sindikatu eta gizarte eragileetako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Bilbon. ELAren izenean Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiak dei egin dio gizartearen osotasunari planto egin dezan eskubide sozial eta laboralek jasaten ari diren erasoen aurrean. “Ez dago etsitu beharrik. Beldurra gailendu egin beharra dago, eta gurea denaren alde borrokatu”.

ELAko idazkari nagusiak azaldu duenez grebaren erabilgarritasunaren inguruko eztabaida interesatutako eztabaida da, soilik axolagabetasuna sortzea helburu duena. “Beldurra era kolektiboan gailentzen da”, gaineratu du. Muñozek aipatu duenez “dena dago jokoan. Ez dakigu zer mantenduko den, ezer mantentzen baldin bada. Enplegua, pentsioak, prestazio sozialak eta soldatak erasotzen ari dira”.

ELAko idazkari nagusiak maiatzaren 30eko greba orokorrean parte-hartzeko deia egin du. “Prestazioak murriztu dizkieten pertsonei; langabezian daudenei; miseriazko soldaten truke lehiatzea edo emigratzera behartu dieten gazteei; euren pentsioak murriztu dizkieten pentsiodunei; merkatari txikiei; emakumeei; etorkinei... Horiei guztiei dei egiten diegu, besteak beste, greban parte hartu dezaten”.