10 kontratutik 9 behin-behinekoak dira, eta hauen erdia baino gehiago hilabete bat baino laburragoak

2018/09/04
Nafarroako langabezia tasa Europako Batasunekoa baino %40 altuagoa da

Enplegu zerbitzu publikoak gaur argitaratutako datuek Nafarroan 32.664 pertsona langabezian izena emanda daudela erakusten dute. Hauetatik 19.662 emakumeak dira, % 60,2a. Bilakaerak erakusten du langabezia azken hilabetean 95 pertsonatan hazi dela, eta 3.287 lagunetan jaitsi azken urtean.

Langabezia tasa 28-EBkoa baino % 40 altuagoa da. 32.664 langabetu daude Nafarroan, eta langabezia tasa % 11,5ekoa da, 28-EBekoa baino 4,7 puntu altuagoa (% 6,8koa da). Soilik Espainiar Estatuak eta Greziak dute langabezia tasa altuagoa.

Langabetuen % 52,7ak ez du inolako langabezia saririk jasotzen (17.167 pertsonek). Eta kotizaziopeko langabezia saria soilik % 30,2ak jasotzen du.

10 kontratutik 9 aldi baterakoak dira. Enplegu berri bat edo kontratu berri bat dutenen egoera oso larria da: 2018an egin diren kontratu guztien % 93,3a behin-behinekoa izan da, eta uztaila arte egin diren behin-behineko kontratuen % 53,4a hilabete bat baino denbora gutxiagorako egin da (obra edo zerbitzu, bitartekotasun kontratuak eta produkzioaren egoeragatik egindakoak kontuan hartuta).

Honi gehitu behar zaio mugagabeko kontratuen % 30,3ak lanaldi murriztua duela, eta lanaldi murriztua duten kontratuen 10etik 7 emakumeen esku daudela.