10 langabetutik 6 emakumeak dira, biztanleria aktiboaren erdia baino gutxiago diren arren

2019/02/04
Jatorri atzerritarra duten 10 langabetutik 7k ez dute langabezia prestaziorik jasotzen

Enplegu zerbitzu publikoak gaur argitaratutako datuek Nafarroan 33.579 pertsona langabezian izena emanda daudela erakusten dute. Bilakaerak erakusten du langabezia azken hilabetean 737 pertsonatan hazi dela, eta 3.078 lagunetan jaitsi azken urtean. Azpimarratzekoa da emakumeak langabetu guztien %58,9a direla (19.783), biztanleria aktiboaren %47,8a izanik.

Langabezia Europako bataz-bestekoa baino altuagoa da hemen. Nafarroan 33.579 langabetu daude, eta langabezia-tasa %10,6koa da, EB-28koa baino 4 puntu altuagoa (%6,6koa da). Soilik Espainiar Estatuak eta Greziak dute tasa altuagoa.

Enplegurik gabe daudenen egoera guztiz prekarioa da. Langabezian izena emandakoen %52,2ak ez du inolako langabezia prestaziorik jasotzen (17.142). Are okerragoa da jatorri atzerritarra duten langabetuen egoera, %69,3ak ez duelako inolako langabezia saririk.

Urtarrilean sinatu diren kontratuen %92,9a behin-behinekoak izan dira. Langabeziak eta prekarietateak lotura zuzena dute. Beharrezkoa da prekarietatearen aurka borrokatzea langabeziaren aurka borrokatzeko.