NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA
112 greba egunen ostean, Lozy'seko langileek garaipena lortu dute
Lozy 's Pharmaceuticalseko (Lekaroz, Baztan) langileek 112 eguneko greba ixtea lortu dute, lantaldea osatzen duten 80 langileen lan-baldintzak hobetzeko akordioarekin. Zehazki, ELAk (batzordeko 5 ordezkariek) 24 orduko lanaldi-murrizketa, KPItik gorako igoerak, antzinatasunaren eta aldi baterako ezintasunaren osagarriaren hobekuntzak, eta inaplikazio-klausula sinatuko ditu.
Gogoratuko denez, 2023ko udaberrian egin ziren lehen aldiz hauteskunde sindikalak enpresa horretan, eta ELAk bost ordezkari lortu zituen. Harrezkero, enpresa-hitzarmen bat negoziatzen saiatu dira. Akordio batera iristea ezinezkoa zenez, aurtengo otsailaren 20an langileek grebara joatea erabaki zuten. Gaur, ekainak 12, ELAk akordioa ixtea lortu du. Guztira, 112 greba-egun egin behar izan dituzte. Epe horretan, Nafarroako Gobernuak inerlokuzioari eutsi dio. Grebak iraun duen bitartean, manifestazio ugari egin dira Elizondon, baita elkarretaratzeak ere Nafarroako Parlamentuaren aurrean.
ELAk akordioaren eta grebaren balorazio positiboa egin du. Gainera, langileek erakutsi duten indarra eta elkartasuna nabarmendu behar dira.