“Hauek ez dira Nafarroak behar dituen aurrekontuak”

2017/11/28
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta Parlamento Sozial herri ekimenek deituta ehunka lagun bildu dira gaur goizean Iruñean Nafarroako aurrekontu proposamenaren inguruan egindako ekimenean parte hartzeko. Lehenengo ekitaldia egin da Labrit pilotalekuan; ondoren manifestazioa egon da Parlamentuaren egoitzaraino. ELAko idazkari nagusia, Adolfo Muñoz, ekitaldian parte hartu duen lagunetako bat izan da.

Ekitaldian azpimarratu denez, aurrekontu hauek ez datoz bat bi ekimen hauek aldarrikatzen duten aldaketa sozialarekin, ez eta Nafarroako gizarteak espero duenarekin. “Batetik, ez da zalantzan jartzen zor publikoa; 2018an 332,7 milioi euro ordainduko dira, horietatik 171 milioi zor ilegitimoa direlarik. Ez da zalantzan jartzen ere Hitzarmen Ekonomikoa. Ezin dugu ahaztu bere oinarria sistema perbertso eta erabat opakua dela: 2018an 541 milioi ordainduko ditugu, Nafarroako Gobernuaren beraren txosten teknikoek adierazten dutena baino askoz gehiago. Bestalde, iraganeko politikak mantentzen dira: Abiadura Handiko Trena tren publiko eta sozialaren ordez; Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak hor dirau, baita kontratazio publikoetan klausula sozialak sartzeko aukeraren ukapena edo oraindik bultzatzeke dagoen sektore publikoan negoziazio kolektiboaren egoera ere”.

Aurrerapausoak egon direla onartu arren –eskubide sozialen arloan errenta bermatua edo etxebizitza; “elkarrizketa soziala” delakoaren inguruan zegoen sare klientelarraren eta pribilegioen amaiera...–, UPNren garaiko murrizketa gehienak indarrean daudela azpimarratu da ekitaldian. Gainera, zerga- eta aurrekontu-politikan ez dela sakoneko aldaketarik egin gaineratu da.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eta Parlamento Sozial ekimenetako ordezkariek egoera iraultzeko landu dituzten alternatibak ere aurkeztu dituzte. “Politika publikoen aldaketa estrukturala behar dugu, bizitza erdigunean kokatu behar da. Berriz aldarrikatzen dugu beharrezkoa dela aldaketa soziala bultzatzea, oinarritzat hartuta honakoak: aberastasunaren eta lanaren banaketa, kalitatezko enpleguaren sorrera, bizitza iraunkorra eta askatasunekiko eta eskubide kulturalekiko konpromisoa. Horretarako, besteak beste, ezinbestekoa da zerga-erreforma sakona egitea, zorraren auditoria, jendearen parte-hartzea eta Nafarroan eredu sozial eta ekonomikoari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea bermatzea”.