Enplegu datuak

2023an Nafarroan sortu diren ia 4 enplegutik 3 partzialak izan dira

2024/01/26
Nafarroan 2023an sortu den enpleguaren kalitatea guztiz kaskarra da. Sortu diren 4.700 enpleguetatik 3.300 lanaldi partzialekoak izan dira. Lanaldi partzialeko kontratua duten emakumeen ehunekoa %23,4ra igo da.

EINen Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera, 2023an 4.700 enplegu sortu dira Nafarroan, eta 297.800 pertsonek izan dute enplegua guztira. Baina hazkundea prekarietatea handitzearen kontura egin da. 2023an, lanaldi partzialeko enplegua zutenen kopurua 3.300 pertsonatan areagotu da. Nabarmentzekoa da 4 enplegu partzialetatik 3 emakumeen esku daudela, eta 4 emakumetik 1ek lanaldi partziala duela.

Langabeak 2.300 gutxiago izan dira 2023. urtean, guztira 30.600 langabe izanik Nafarroan. Honek, % 9,3ko langabezia tasa suposatzen du, aurreko urtean baino 0,8 puntu txikiagoa. Jaitsiera hori gorabehera, langabezia tasak Europako batez bestekoa ( % 5,9) baino askoz handiagoa izaten jarraitzen du.

ELAk uste du Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak ezin direla ontzat eman enplegua handitu eta langabezia murriztu delako soilik, zein enplegu mota sortzen ari den erreparatu behar da, eta, errealitatean, kontratazio berriak prekarioagoak dira. Partzialtasunaren igoerari bizitzaren garestitzea eta soldatak KPIaren arabera ez eguneratzea gehitu behar zaizkio. Antolaketa eta mobilizazioa beharrezkoak dira bizi-baldintza materialak hobetzeko.