25 urtetik beherakoak dira azken urtean langabezian izena eman duten 4 pertsonatik 1

2021/01/05
Nafarroan langabezia % 22,4 hazi da 2020an, eta % 57 emakumeak dira

Azken hilabetean 1.110 pertsona gehiago daude langabezian, guztira 40.637 pertsona izanik SEPEn izena emanda. Urtetik urterako datuei erreparatuta, 2019ko abenduarekin alderatuta, langabezia % 22,4 hazi da, 7.439 pertsona gehiago. Langabeziak emakumeengan du eragin handiena. Langabe guztien % 57,1 emakumeak dira, biztanleria landunaren erdia baino gutxiago izanik ( % 46,5).

Nabarmentzekoa da ere 2020an langabeziak izandako igoeraren zatirik handiena zerbitzuen sektoretik datorrela. 2020an SEPEn izena eman duten 10 pertsonatik ia 6 sektore horretakoak dira.

25 urtetik beherako pertsonen artean, langabezia % 59,8 igo da 2020an, eta azken urtean langabezian izena eman duten 4 pertsonatik 1 adin tarte horretakoa da.

Kontratuei dagokienez, 2020an iaz baino % 23,5 kontratu gutxiago sinatu dira, baina behin-behinekotasuna mantendu egin da, sinatutako kontratuen % 93,7 aldi baterakoak izan baitira.

ELAk azpimarratzen du Covid-19ren ondorioek areagotu egin dutela pandemiaren aurretik zegoen krisi ekonomiko eta soziala. Enplegua lan-baldintzen eta aberastasunaren bidezko banaketaren alde borrokatuz defendatzen da.