Zerga politika
Aberatsek Nafarroan zergak ez ordaintzea aukeratu dezakete

670.000 biztanletik gora ditu Nafarroak, eta horietatik, lautik hiruk egin zuten errenta aitorpena aurreko ekitaldian, 2022koan. Aitorpen guztien artean, ia %82k aitortu zuten lan etekinengatiko diru sarrerak zituztela.
Ekitaldi horretan, 154 aitorpen egin ziren PFEZn 600.000 eurotik gorako oinarriarekin (handiena). Honetaz gain, 8.813 pertsonak aitortu zuten Ondarearen gaineko Zerga, horietatik 52k tarterik altuenean.
Ondarearen gaineko Zergan aitorpena egin behar izateko, ohiko etxebizitzaren balioa deskontatu ondoren milioi bat eurotik gorako ondarea izan behar da. Hau ezinezkoa da laneko errentak dituztenentzat. Ondarearen gaineko Zergagatik ordaintzen duteenn ondarearen ideia bat egiteko, zergaren oinarriaren zenbatekoa ikusi besterik ez da egin behar: 10.950 milioi euro 2022an. Ondare horren ia %80 enpresetako akzio eta partaidetzetatik eta etxebizitzetatik dator. Bada, horretatik guztitik, Ogasunak 34,8 milioi bildu zituen, besterik ez.
Soldatapeko lanaren bidez diru sarrerak irabazten dituztenentzako aitorpena nahiko erraza da: hilero Ogasunak diru sarreren zati bat atxikitzen du, eta tokatzen denean, PFEZaren aitorpena egiten da.
Baina hau ez da horrela mundu guztiarentzat. Diru eta ondaren asko dutenek beste aukera batzuk dituzte, soldata gabeko errenten iruzur fiskal izugarrian sartu gabe. Horren erakusgarri da eskuineko lobby-ek beti aipatzen duten "zergadunen galera". Beti ohartarazten dute aitorpen gutxiago izan direla PFEZaren eta Ondarearen gaineko Zergaren tarterik altuenetan, eta politika fiskalari egozten diote horren errua, enpresei eta errenta altuenei zergak are gehiago jaisteko eskatzeko.
Baina hori gertatzen bada, aberatsek zergak non ordaindu aukeratu dezaketelako da. Eta benetan kezkagarria dena da, nahiz eta aitorpen gutxiago egon tarterik altuenetan, diru bilketan ez dela alderik egoten. Hemen gutxi ordaintzen duten seinale.