Administrazio Nukleoko Langileen Batzordeak lekualdatze-lehiaketak deitzea eskatzen du

2021/04/28
Nafarroako Gobernuak lekualdatze-lehiaketak egiteko borondaterik ez duela salatu dute

Langile Batzordearen oharra:

 

FUNTZIO PUBLIKOA: ZERGATIK EZ? HARGATIK

Administrazio Nukleoko Langileen Batzordeak salatu nahi du Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak ez dituela bere eskumeneko eginkizunak betetzen.

Ordezkatzen ditugun langileen artean, gero eta handiagoa da barne-mugikortasuneko prozesuak irekitzeko eskaria; hau da, lekualdatze-lehiaketak maizago egitea nahi dute.

Langileek gure araudian aitortuta dagoen eskubide bat erabili ahal izatea eskatzen dute. Aldiz, Funtzio Publikoak erantzun ohi du sartzeko deialdien aurretik soilik dagoela derrigortua lekualdatze-lehiaketak deitzeko.

Guk lekualdatze-lehiaketak aldizka egitea proposatzen dugu langileen artean, frustrazio gehiagorik sortu beharrean, ziurtasunak sortze aldera. LEPekin lotuta ez dauden lekualdatze-lehiaketak deitzea ez da legez kanpokoa, ezta alegala ere. Hori ez egiteak borondate, gaitasun edo aurreikuspen-falta adierazten du.

Bestalde, gogorarazi behar da Administrazioaren Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak berak txostenak egiten dituela arrisku psikosozialeko egoeretan esku hartu ondoren. Txosten horietan, proposamen zuzentzaile gisa maiz aipatu izan da inplikatutako langileak "birkokatzea edo lanpostuz aldatzea". Hala ere, neurria eraginik gabe geratzen da, ez baita barne-mugikortasuneko prozesurik deitzen.

Funtzio Publikoak ez du lekualdatze-lehiaketarik deitu nahi, horrek dakarren lan-kargari ezin diola aurre egin dioelako. Hala ere, azken urteotan egitura organikoa handitu du eta bai denbora bai dirua inbertitu ditu prozeduren telematizazioan eta prozesu horien eraginkortasunean lagunduko duten programa informatikoetan.

Azken batean, Funtzio Publikoaren Antolamenduko Zerbitzuari egiten diogun eskaera errepikatzen dugu, ordezkatzen ditugun langileen eskaerei erantzuteko eta lekualdatze-lehiaketak aldizka deitzeko.