ELAk ere Hezkuntza Itunaren Jarraipen Batzordean egoteko eskubidea duela ebatzi du Nafarroako Administrazioarekiko Auzi Epaitegiak behin behinean

2019/01/24
Hezkuntza Itunaren sinatzaileek —Hezkuntza Departamentua eta LAB, Steilas, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGT sindikatuak— Jarraipen Batzordean haiek bakarrik egotea erabaki zuten. ELAk demanda jarri zuen Hezkuntza Ituna deuseztatzeko eskatuz, negoziazio kolektiboaren eskubidea urratzeagatik; bada, demanda hori ebazten den bitartean, epaitegiak kautela-neurri hori hartu du.

Hezkuntza Ituna 2018ko abuztuan izenpetu zuten Hezkuntza Departamentuak eta LAB, Steilas, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGT sindikatuek. Onetsi zen azken testuan, zirriborroetan ez bezala, Itunaren Jarraipen Batzordeko osaera aldatu zuten. Lehenagoko zirriborroen arabera, Sektore Mahaian ordezkaritza zuten sindikatu guztiek hartuko zuten parte Batzordean; baina azken testuan Batzordean parte hartzeko aukera mugatu zuten, eta Ituna sinatu zuten sindikatuak soilik onartu ziren batzordekide gisa.

ELAren iritziz, sinatzaileen helburua Sektore Mahaia zereginik gabe uztea zen, eta handik goiti Jarraipen Batzordean jorratzea mahaiari zegozkion gaiak. Eta Jarraipen Batzordean bertan erabakiko zen zein gai aztertu Sektore Mahaian, eta zein ez.

Hori horrela, ELAk demanda bat aurkeztu zuen Administrazioarekiko Auzi Epaitegian, Hezkuntza Itunak negoziazio kolektiboaren eskubidea urratzeagatik, zenbait gai negoziazio sindikaletik apartatzen duelakoan. Demanda horretan, gainera, kautela-neurri gisa, eta eskaera nagusia ebazten den bitartean, ELA Itunaren Jarraipen Batzordean onartzea eskatu genuen.

Administrazioarekiko Auzien 2 zk.ko Epaitegiak ELAren kautela-neurriaren eskaria onartu du, eta Itunaren sinatzaileak behartu ditu ELA ere onartzera Itunaren Jarraipen Batzordean. Bestela, epaitegiak dioenez, demanda azkenean onetsiko balitz, negoziazio kolektiborako eskubidea larriki urratuko litzateke.

Azkenik, ELAk dei egiten die Hezkuntza Departamentuari zein sindikatu sinatzaileei Hezkuntza Itunaren Jarraipen Batzordearen osaera eta jarduna berriz aztertzeko, zeren orain dagoen moduan ELAren negoziazio kolektiboaren eskubidea urratzen baitu, guk ordezkatzen ditugun langileen interesak defendatzea eragotziz.