2024KO MAIATZAREN LEHENA

"Aldaketa soziala borroka politiko, sozial eta sindikalaren bidez bakarrik lortuko da"

2024/04/18
Imanol Pascualek ohartarazi du Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren artean adostutako politika fiskalak UPNren babesa duela, eta zerbitzu publikoetara baliabide gehiago bideratzea eskatu du. ELAk manifestazioa deitu du Iruñean, "Antolatu, borrokatu, irabazi" lelopean.

ELAk "Antolatu, borrokatu, irabazi" lelopean ekingo dio aurtengo Maiatzaren Lehenari. Ideia hauek mezu argia eta zuzena islatzen dute: "Aldaketa soziala lortzeko posizio koherente bakarra patronalaren interesen eta botere ekonomikoen aurkako borroka politikoa, soziala eta sindikala da. Borroka horri ihes egitea langile klaseak behar dituen aldaketei ihes egitea da ". Horrela laburbildu du Imanol Pascualek (ELAren Nafarroako Koordinatzailea), Saioa Urriza Iruñerriko Eskualdeko Arduradunarekin batera, gaur Iruñean eskainitako prentsaurrekoan.

Egoera sozioekonomikoa laburbiltzen duten lau gai nagusi daude: enpresen etekinen hazkundea, langileen lan baldintzen eta bizi baldintzen okertzea (erosahalmenaren galera, zerbitzu publikoen okertzea, etxebizitza, prekarietatea…), gobernuen konplizitatea eta ezker instituzionalaren oposizio eta proposamen alternatiborik eza.

Ildo horretan, Pascualek honako hau azpimarratu du: "botere ekonomikoak ez ditu irabaziak areagotzen, lotura zuzena dago gehiengoaren bizitzaren garestitzearen eta enpresa handien eta bankuen mozkinen hazkundearen artean ( IBEX 35ak 59.400 milioiko irabaziak izan ditu 2023an). Guzti hau konplizitate politiko bati esker gertatzen da: aberastasunaren banaketa Nafarroako Gobernuaren (PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekin) politiketatik kanpo dago. Nafarroako Koordinatzaileak gogorarazi du Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk onartutako azken erreforma fiskalaren edukiak UPNren oniritzia jasoa zuela, eta erreformaren alde bozkatzeko prest agertu zela Iruñeko Udalean zentsura mozioa aurkeztu arte.

Osasun publikoan inbertsiorik ez egitea (itxaron zerrendak eta pertsonal falta kezkagarriak aipatzekoak dira), etxebizitza eskuratzeko zailtasuna, zainketa pribatu eta prekarizatuen sistema... dira Nafarroako Gobernuaren politika sozialen gabeziaren erakusgarri nabarmenenak. Horregatik, zerbitzu publikoetara baliabide gehiago bideratzeko eskatzen dio ELAk Nafarroako Gobernuari.

Negoziazio kolektiboaren errealitateak erakusten digu plantillak antolatzen diren lantokiek soilik lortzen dutela haien lan baldintzak hobetzea. "Langile klasearentzako lorpenak ez datoz ez elkarrizketa sozialetik, ez parte hartze instituzionaletik, antolaketa kolektiboak eta borroka sindikalak bakarrik uzten digute aurrera egiten". "Ondorioa agerikoa da: zenbat eta borroka sindikal handiagoa, orduan eta greba gehiago, eta hitzarmen gehiago eta hobeak".

 

Saioa Urriza: "Murrizketa sozialak egiten dituzten bitartean, gastu militarraren hazkundea salatu nahi dugu"

 

Saioa Urrizak Maiatzaren Lehena "mundu hobe bat irudikatzeko eta konprometitzeko urteroko hitzordua" dela gogorarazi du, eta horretarako "sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista batek eragiten dituen ondorio tragikoez jabetu beharra dagoela". Ildo horretan, Eskualde Arduradunak adierazi du "ELA kezkatuta dagoela belizismoaren gorakadarekin, gastu militarraren igoera handiarekin, eta, aldi berean, arlo sozialean austeritate politikak nagusitzen ari direlako. Benetako arduragabekeria armagintzaren mesedetan".

Sindikatuaren manifestazioa 11:30ean abiatuko da Iruñeko Gurutze Plazatik, eta Gobernuaren Ordezkaritzaren aurretik igaroko da. Bertan, Israelgo armada Gaza eta Zisjordaniako biztanleekin egiten ari den genozidioa salatzeko ekintza bat egingo du sindikatuak, Mendebaldeko botere politiko eta ekonomikoen konplizitatearekin egiten ari den genozidioa. Hori dela eta, ELAk su etena eta Palestinako herriaren estatu baterako eskubidea aldarrikatu ditu berriro.

Azkenik, ELAk egunero borroka sozialetako zeregin militanteetan inplikatzen diren langileen konpromisoa aitortu nahi du. "Borroka horiek dira mundu kapitalista deshumanizatu baten aurrean alternatibak bizirik mantentzen dituztenak, borroka horiek dira ortzi muga irekitzen dutenak eta Euskal Herri hobea egiten dutenak".