Aldaketa sozialak pultso politiko handiagoa behar du Nafarroan

2017/09/26
Aldaketa sozialak pultso politiko handiagoa behar du Nafarroan
ELAk jarraituko du Nafarroako Gobernuari aldaketa soziala eskatzen. Erronka bezala ezartzen ditu aberastasunaren birbanaketa, lan prekarietatearen aurkako borroka eta zerbitzu publikoen hobekuntza. Azpimarratzen du soldatak ez direla bakarrik igoko eta beharrezkoa dela lan zentroetan indartsuago egotea, prekarietateari aurre egiteko eta Nafarroako Hitzarmenak defendatzeko.

ELAk gaur eskainitako prentsaurrekoan urte honetako Nafarroarako lehentasunak mahaigaineratu ditu. Lau jardunbide nagusiak honako hauek izango dira: aldaketa soziala, autogobernuaren defentsa, murrizketak bertan behera uztea eta langileen prekarietatearen aurkako borroka.

Sindikatuak kezka adierazi du Gobernuak ez duelako posizio politiko irmorik agertzen gai ekonomiko eta sozialetan eta autogobernuari dagokionez. Haatik, hauek ezinbestekoak dira aldaketa soziala gauza dadin: aberastasunaren banaketa, murrizketak kentzea, baita Estatuaren aurrean eskumen fiskalak defendatzea ere.

Azken puntu honetan, defizita finkatu eta gastu-arauaren onarpena dela eta, ELAk kezkaz ikusi du laukoaren alderdien artean adostasuna eta isiltasuna nagusitu dela. Nafarroako Gobernuak estatuak inposatutako defizita eta gastu-araua ontzat eman ditu, horrela de facto baztertuz Nafarroan erabakitzeko aukera; Rajoyren gobernuak baldintzatzen du, ondorioz, bertoko politika ekonomikoa eta aurrekontuak.

ELAk badaki espainiar legediak mugak eta esparru jakinak ezartzen dituela, baina ezin du ontzat eman erantzun politiko bakarra obeditzea izatea. Jarrera honekin aldaketa ezinezkoa da; aldiz, berrikuntza, irmotasuna eta pedagogia funtsezkoak dira gatazkaren ordez “normaltasun” itxura ez emateko.

ELAk uste du Gobernu honek aberastasunaren banaketa egokiagoa izan dadin zerbait egin behar duela; horrek erreforma fiskala eta iruzurraren aurkako politikak eskatzen ditu.

Bestalde, sindikatuak egiaztatu du Gobernua eusten ari zaiela “elkarrizketa soziala” delakoaren formato zaharkituei: Elkarrizketa Sozialeko Kontseilua mantendu du, edota zinezko konpromisorik ez dakarten akordioak, esaterako enplegu plana. Formato honetan patronalaren betoa aintzat hartzen da. ELAk gogoratu nahi du LABekin batera Gobernuari adierazi ziola beren prestutasuna enpleguari buruzko neurri konkretuak adostu eta elkarrizketarako marko berriak ezartzeko.

Soldatak ez dira besterik gabe hobetuko. Lantokietan indartsuago, prekarietateri aurre egiteko.

ELAk negoziazio kolektiboan lau helburu ditu: prekarietatea borrokatu (zerbitzuen esternalizazioa, multizerbitzu enpresak, soldata-eskala bikoitzak, ABLEak); hitzarmen nafarren defentsa; erreformaren aurkako klausulak sartu, hitzarmenak aplikatuko direla ziurtatzeko, eta KPI gaindituko duten soldata igoerak.

Beraz, egoera honetan are garrantzitsuagoa da soldatak hobetzeko aldarrikapena. 2016tik hona BPGa Nafarroan %3 hazi da, baina hori ez da langileen poltsikoetan atzematen. Soldatak ez dira besterik gabe hobetuko. Sindikalismoak erasora jokatzen badu, aukera badago. Hor ditugu Peraltako Azkoyen eta Grupodesaren kasuak.

Bestalde, ELAk ez du etsiko estatalizazioaren eta pobretzearen salaketan; Patronalak, UGTk eta CCOOek daramate estrategia hori nafar hitzarmen sektorialak desagerrarazteko. ELAk eta LABek lanbidearteko akordio bat bultzatu nahi dute hemengo lan-hitzarmenei lehentasuna emateko, estatukoen aldean.

Zerbitzu publikoetako murrizketak bertan behera utzi

Gobernuak zuzeneko ardura du: batetik, zerbitzu publikoak, baina baita langile publikoen eta milaka azpikontratatuen baldintzak hobetzeko.

ELAk jarraituko du salatzen, eta mobilizatu egingo da, arlo publikoan dagoen aldi baterako enplegu tasa itxuragabea dela eta: %40 Osasunbidean, %30etik gora Hezkuntzan. LEP bat deitzea premiazkoa da, aldi baterako enplegua %7ra jaisteko.

 

Milaka azpikontratatuei dagokienez, ELA kezkatuta dago kontratu publikoen legea zein egoeratan dagoen ikusirik; gobernuari ohartarazi dio ez duela onartuko lizitazioen bidez enplegua prekarizatzeko estrategia.