Amiantoak sortutako gaixotasun profesionalaren ondoriozko alarguntza pentsioa onartu diote Sunsundeguiko langile baten alargunari

2022/01/25
Langilea Sunsundeguiren Altsasuko lantokian egiten zuen lan. Erretiratu eta gero diagnostikatu zion Osakidetzak biriketako Mesotelioma, eta 2021eko urtarrilaren 1ean hil zen

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN), 2022ko urtarrilaren 5eko ebazpenean, honako erreklamazioa onartu dio Sunsundeguiko langile erretiratu baten alargunari: langilea amiantoaren eraginpean egoteagatik hil zenez, lanbide gaixotasunaren ondoriozko alarguntza pentsioa jaso behar du.

Hildako langilea Sunsundeguiko txapa atalaren arduraduna izan zen 1991ko urtarriletik 2000ko apirilera. ISPLNk 2021ko apirilean egindako txosten kliniko-laboralean jasotzen denez, Sunsundeguiren Altsasuko instalazioetan "barrutik amiantoz estalita zeuden tren bagoiak eraberritzen ziren", eta ondorioztatzen du "ebidentzia zientifikoaren ikuspegitik, esposizio irizpidea dutela bai latentzia denboragatik (30 urte inguru), bai eta pairatzen duen patologiagatik (pleurako Mesotelioma)".

Berrespen horren ondotik, orain hildakoaren alargunak zein senideek aukerak dituzte segurtasun neurri gabeziengatik prestazioen errekargua eskatzeko, edota erantzukizun zibilaren arloko ekintza abiatzeko.

ELAk berriz ere azpimarratu nahi du amiantoa ondorio dramatikoak dituen laneko pandemia dela, enpresaburuen eta administrazioen mespretxuaren ondorio. Era berean, sindikatuak erakunde publikoei eskatzen die langile klasearen osasunerako eskubidea eta eragindako kalteen ordaina modu eraginkorrean bermatzeko beharrezko baliabideak eslei ditzala, eta lantokietatik produktu kantzerigenoak ezabatzeko konpromisoa berresten du.

ELA sindikatuak, azkenik, dei egin nahi die amiantoak kaltetutako langile eta senideei euren eskubideak erreklama ditzaten, gaixotasunak amiantoaren eraginpean egon eta urte askotara agertzen baitira.