Apirilak 28. Ospatzekorik ez

2018/04/25
Andoni Larralde
Lan Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna hurbil dagoen honetan, beharrezkoa deritzogu Nafarroako langileriaren prekarietate egoerari berriro ere erreparatu, eta bere ondorio okerrena den laneko ezbeharren biktima guztiei elkartasun eta babesa adieraztea. Oroitarazi beharra dago Lurralde honetan hilabeteko pertsona bat hiltzen dela bere lanpostuan, azken hamarkadan lan-istripuz hildakoen kopurua ehun baino gehiagokoa den aldi berean. Izan ere, 2017ko estatistikek lan-istripuen gorakada baieztatu baizik ez dute egin, bai zenbaki absolututan eta baita erlatibotan ere, eta hori guztia deklarazioan ematen den iruzurra kontuan izan gabe.

 

Bestalde, laneko gaixotasunen erregistro-eza eskandalua da oraindik ere. Mutuek ez dute eritasunen jatorria onartzen, eta gainera epaitegietara jotzen dute aitortuak izan ez daitezen. Egia da Nafarroako komunikazio-sistemak patologia batzuen deklarazio-indize handiago bat ahalbidetzen duela, baina gizarte segurantzako eskumenak estatuaren esku dirauen heinean, hauen aitortza % 5ekoa baino ez da. Europar Batasunak dio lan-istripu hilgarri bakoitzeko 26 pertsona hiltzen direla laneko gaixotasunengatik, eta beste iturri batzuen arabera, Hego Euskal Herrian amiantoaren ondorioz hildakoak 1.500 baino gehiago dira azken 25 urtetan. Erregistro ofizialen arabera aldiz, Nafarroan 7 dira azken 5 urteetako lan-jatorriko minbizi kasuak. Argi dago beraz, datuak ez datozela inondik ere errealitatearekin bat.

Langileen osasuna zaintzeko betebeharra enpresariarena dela kontuan izanik, gutxienez bi ondorio atera daitezke: 1. Langileriaren bizitzak salneurria dauka; 2. Lanean osasuna galtzeak baditu arduradunak. Galdera ondokoa litzateke, zer ari da gertatzen?

Lehenik eta behin, eta enpresek haien irabaziak lehenesten dituzten heinean, lan zentroetan inbertsio falta orokor bat ematen ari da gai honetan. Izan ere, kasu batzuetan isunak ordaintzea errentagarria suertatu ohi da enpresarentzat. Era berean, erreformen ondoko babes falta, lan-baldintzen atzerakada eta kontratazio prekarioaren ondorioz, enpleguaren kalitateak okerrera egin du langileen kaltean. Patronala hala ere, eroso dago. Hain eroso non lan-baldintzak hobetzeko akordioei betoa jartzen dien artean Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza publikoak jasotzen dituen. Zehazki, 2016 eta 2017an Enpresa Politika Sailetik milioi erdi euro baino gehiago jaso ditu “laneko arriskuen prebentziorako proiektu” anitzetarako, hain justu lan-osasun arloan bermezko formazioa behin eta berriz galarazten ari den unean. Guztia beste hainbat “proiektu” finantzatzeko estatu mailan eman zaion kotizazio sozialetako dirua kontuan izan gabe, zeinak Kontu Auzitegiak ez-garden gisa sailkatu arren, Gobernu honen babesa jaso duen.

2018ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak 3,6 milioi aurreikusten ditu lan-osasunerako, hauetatik 1,95 ordainsarietara eta 1,3 politika publikoetara bideratuko direlarik. Azken hauen % 85 diru-laguntzak dira, beraz, UGT eta CCOOk ere (era urriagoan) parte hartzen duten sistema honen bitartez antzeko finantzaketa gertatzea da ziurrena. Gainontzekoa, Lan-Osasuneko Ekintza Plana, Nafarroako Parlamentuak onartutako Amiantoa kentzeko Plana, eta Gobernuaren Sail batzuetako ekintzetan banatzen da, bertara bideratzen dena portzentajeetan hutsetik hurbil dago ordea.

Datuek diotenez, eraginkorrak ez diren eta honez gero gehiegi dirauten elkar-hartze sozialerako politikei jarraikortasuna emateko hautua dago. Bada garaia hauek alde batera utziz, NOPLOIko langile kopurua handitu, Lan-Ikuskaritzaren ratioa Europako bataz-bestekoarekin parekatu, onartutako planen garapena bermatu, ez-betetzeen aurka irmo erantzun, hauek publikoki salatu, jarduera arriskutsuak dituzten enpresak zorrotz kontrolatu, administrazioari bideratutako baliabideak indartu, eta zerbitzu publikoetatik egin beharreko beste hainbat ekimen aurrera eramateko.

ELAk aspaldi hartu zuen laneko prekarietatea borrokatzeko erabakia, eta lantokietan jendearen kontzientzia piztu eta antolatzen dihardu. Honen harira, datorren apirilak 26rako ekitaldia antolatu du Iruñean, non elementu nagusia arrisku psikosozialei lotutako prekarietatea izango den, eta bertan lan-baldintza eskasak enpresetatik ateratzeko lan-osasunak dauzkan hainbat tresnaz solastatuko den.