Arartekoak arrazoia eman dio ELAri Foruzaingoko hamabi bat bitarteko plaza egoera irregularrean daudela baieztatuz

2019/05/10
Arautegiaren arabera bitarteko izendapenak gehienez urtebeterako izan behar dira, eta hori ez da betetzen. ELAk salatu du izendaturiko hogei pertsona horiek ez dutela beharrezko titulazioa.

Foruzaingoaren Lanpostuen Hornikuntzarako Arautegiak ezarrita duenez, halako lanpostu bat bitarteko moduan hornitzea ezinbertzekoa bada, bitarteko langileak ezin du iraun postuan urtebete baino gehiago. Behin urtebeteko epea iragan ondoren, bitarteko izendapena errebokatu behar da, eta bertze funtzionario bat izendatu.

Hala ere, Barne Departamentuak ez du arautegi hori betetzen, eta bitarteko izendapen horiek iraunarazten ditu urtebeteko gehienezko epea gaindituz. Hala egiaztatu berri du Arartekoak bere Q19/243 irizpenean.

Foruzaingoko ordezkari sindikalek behin eta berriz ohartarazi diote Barne Departamentuari irregulartasun horiez. Eta Departamentuak erantzunik eman ez duenez, ELA-Foruzaingoa Atal Sindikalak Arartekoarengana jo du. Azkenik, erakunde horrek arrazoia eman dio sindikatuari, urtebetea gainditu duten bitarteko izendapen guztiak bukatutzat jo behar direla gomendatuz. Hamabi bat postu dira horrelako egoeran daudenak. Barne Departamentuak ez du adierazi kopuru zehatza, orain dela hiru hilabete ELA-Foruzaingoa Atal Sindikalak kopurua jakitera emateko ofizialki eskatu bazion ere. Hori are larriagoa da kontuan hartzen badugu Gobernua bitarteko izendapenei buruzko informazioa ematera beharturik dagoela.

Halaber, ELAk salatzen du bitarteko izendapena duten langile horiek ez dutela beharrezko titulazioa, Nafarroako Poliziaren oraingo legeak B mailako postuetan jarduteko ezartzen duen titulazioa.

Horregatik guztiagatik ELAk Barne Departamentuari eskatzen dio bete dezan irizpena, eta bitarteko izendapen horien egoera irregularrari amaiera emateko, beti ere Kidegoko agente guztien eskubide-berdintasunaren izenean.