Arduragabekeria da superabita izatea bete gabeko behar sozialak daudenean

Superabita irizpide ideologikoen araberakoa da. Finantza erakundeen eta bankaren interesei ematen die lehentasuna Nafarroako administrazioen erabakitzeko ahalmena mugatzen duen bitartean.

Nafarroako Gobernuak iragarri du 101 milioi euroko superabitarekin itxi dituela 2019ko kontuak. Horri gehitu behar zaio 2018an superabita 116 milioi eurokoa izan zela, eta 2017an 241 milioi eurokoa.

Urtea superabitarekin amaitzea bete gabeko behar sozialak eta murrizketak dauden bitartean arduragabekeria da termino sozialetan. Horrek dirua-publikoa gastatu gabe uztea suposatzen du 103.000 pertsona gizarte-bazterketan daudenean eta familia askok etxebizitza bat bermatuta ez dutenean.

Superabitak finantza erakundeen interesei lehentasuna ematea suposatzen du gizartearen gehiengoaren interesen aurretik. Horren erakuslea da 2017ko superabiteko 128 milioi euro zorra aldez aurretik amortizatzeko erabili izana 2018an, Comptos Ganberak esan bezala, eta 2018ko superabita zorra amortizatzeko ere erabili izana, Ogasuneko Kontseilariak berak aitortzen duen bezala.

Orain, Nafarroako Gobernuak esan du "Estatuan erabakitzen dituzten arauak ezagutzeko zain" geratzen dela, superabit hau Nafarroan inberititu daitekeen jakiteko. Oso larria da Nafarroako autogobernua PSOEren gobernuak (kasu honetan) Madrildik erabakitzea. Nafarroako Administrazioaren erabakitzeko ahalmena mugatzen ari dira.

Erabaki politikoen ondorioa da superabita, eta politika honen aurkakoak honen aurka jartzeko beharra dugu. Horregatik ez da onargarria ELArentzat Kongresuan gertatutakoa, bertan onartu baitira aurrekontuen egonkortasunerako helburuak (2020-2023), EAJ eta Unidas Podemosen aldeko botoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

ELAren ustez, aurrekontu politika aurrerakoiak aurrera eramateko eta erakundeen aurrekontuak Madrilen erabakitzea eragozteko, ezinbestekoa da Aurrekontu Egonkortasun Legea indargabetzea, edozein indar subiranista edota aurrerakoirentzat lehentasunezkoa izan beharko luke.