LANGABEZIA

Aurten sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan dira Nafarroan

2023/06/02
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuek erakusten dutenez, langabezia datuak hobera joan arren, alde handia dago Europako batez bestekoarekin.

Nafarroan 832 langabe gutxiago erregistratu ziren joan den hilean, emakume langabeen ehunekoa % 61,3raino igo zelarik.

Europarekin alderatuta, Nafarroan langabezia tasak Europako batez bestekoaren oso gainetik jarraitzen du. Nafarroan, tasa %9,5ekoa izan den bitartean, Europar Batasuneko batez bestekoa %6koa izan da apirilean.

Kontratazioari dagokionez, kontratuen behin behinekotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, aurten sinatutako kontratuen % 75,4 aldi baterakoak izan dira.

Langabeziaren bilakaera ez da txarra izan hilabete honetan, Europa osoan bezala. Hala ere, gure lurraldean egoera Europan baino askoz ere okerragoa da. Bestalde, gogora dezagun ziurgabetasun egoeran gaudela, eta aurreikuspen negatiboak ditugula datozen hilabeteetarako, eta horrek, zalantzarik gabe, eragina izango duela enpleguan. Beraz, beharrezkoa da antolaketa eta mobilizazioa, baldintza materialak hobetzearen alde borrokatzeko.