Azaroaren 11ko deialdia erregistratu dute Euskal Herrian
Azaroaren 11n, etxebizitza eskubidea bermatu dadin eta espekulazioari ezetz esateko eguna izan dadin deia egin dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eta etxebizitza sindikatuek. Baita langileon pobretzearen aurka eta soldatak igotzearen aldekoa ere. Izan ere, ez dira 8 hilabete 1.500 euroko gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra egin eta kaleak bete genituela. Egoera jasanezina da, langile klasea pobretzen ari
da enpresariek eta espekulatzaileek irabaziak handitzen dituzten bitartean. Horregatik, kaleak hartu eta erroko eraldaketak bultzatzeko unea da.
Etxebizitza euskal langileria pobretzeko eta berau zeharkatzen duten arrakala matxista eta arrazistetan sakontzeko arrazoi nagusietako bat bihurtu da, eta baita euskal langileriaren kezka nagusia ere. Etxebizitzak bermatutako eskubidea izan beharko luke, osasungintza eta hezkuntza diren neurri berean. Hori lortzeko oztopo nagusia da etxebizitzarekin egiten den espekulazioa, eta hori jarri nahi dute jomugan.
Guztiontzako kalitatezko etxebizitza bermatzea posible da, baina horretarako erroko hiru transformazio bultzatu behar ditugu: batetik, espekulatzaileen espropiazioa, bestetik, jardun espekulatiboaren debekua eta, azkenik, etxebizitza langileriaren beharretara antolatzea. Horrekin batera, badira nafar langileriak berehalakoan beharrezko dituen neurriak: etxegabetze guztien etetea, eta etxebizitzaren prezioen jaitsiera.
Bertako patronala eta instituzioak interpelatuko dituzte deialdiarekin bat egiten dutenek. Izan ere, Confebask eta CEN patronalak langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen dute, eta uko egiten diote hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari. Eta, etxebizitzaren eremuan, langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak zein askotariko udalek negozioa
indartzen duten politikak egiten jarraitzen dute, nahiz eta instituzio hauek badituzten alor horretan eskumen zabalak. Errentisten aldeko politikak egiteari uzteko garaia dela uste dute deitzaileek, eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako esparru propioan sakontzeko unea dela ere bai.