GREBA FEMINISTA OROKORRA
Azaroaren 30eko deialdiak Nafarroako ia 200 enpresa batzorderen sostengua jaso du

Azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorra da, emakumeak zein gizonak deituta daude deialdira, zainketen krisiak pertsona guztiei eragiten baitie; guztiok behar dugu duintasunez zaindu eta zainduak izan bizitzan zehar. Horregatik, greba feminista orokor honen leloa "zaintzarako eskubide kolektiboaren alde" da.
Zaintza-lanak ezinbestekoak dira bizitzari eusteko. Hala ere, lan horiek beti egon dira ezkutuan, gure etxeetan ikusezin, eta batez ere emakumeei egokitu zaizkie.
Aldi berean, ordaindutako zainketa-lanak prekarizatuta daude, zaintza-zerbitzuen pribatizazioaren eta azpikontratazioaren ondorioz. Hego Euskal Herrian, adibidez, egoitzen %10 bakarrik kudeatzen da modu publikoan. Ez dugu zaintza-sistema publikorik, eta mendekotasuna duten pertsonei ematen zaien zerbitzua nahikoa ez izateaz gain, enpresa pribatuen esku dago (Eulen, IMQ...). Enpresa horiek pertsonen interesen gainetik jartzen dute beren onura.
Horregatik, euskal gehiengo sindikalak, hau da, ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGTk, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lidergoarekin, greba feminista orokorra deitu dute azaroaren 30erako.
Sindikatu deitzaileok eta Mugimendu Feministak azpimarratu nahi izan dugu Greba Feminista Orokor hau produkzio-eremutik haratago doala. Aurreko greba feministen ondorioz, grebaren tresna zabaldu egin da, lan produktiboa eta gehienbat emakumeek egiten dituzten ordaindu gabeko eta ikusezin bihurtutako zaintza-lan horiek guztiak barne hartzeko. Gainera, zaintza-sektoreetako langile askoren errealitatea da gutxieneko zerbitzuen eraginpean edo egoera administratibo irregularrean daudela. Aldi berean, batzuk zaintza-lan intentsiboa egiten dute eta ezin dute gelditu. Horregatik guztiagatik, datorren azaroaren 30ean grebara irtengo gara eta kaleak beteko ditugu. Nafarroan, mobilizazio hauek daude deituta:
Gaueko 00:00etan emango diogu hasiera egunari. Goizean goizetik, mota desberdinetako piketeak burutuko dira industria gune, auzo eta herrietan eta eguerdian, zaintza lanak eta langileak aitortzeko eta egoera prekarizatuen arduradunak interpelatzeko mobilizazioak egongo dira herriz herri.
Iruñean 12:30tan Diputazioaren aurrean elkartuko gara.
Eta arratsaldean kaleak hartuko ditugu Nafarroako hainbat herrietan burutuko diren manifestazioetan:
- Iruñea 18:00 Antoniutitik
- Altsasu 18:00 Plaza
- Elizondo 18:00 Plaza
- Irunberri 18:00 Plaza de los Fueros
- Lizarra 19:00 Plaza de los Fueros
- Tafalla 19:30 Plaza
- Tutera 18:00 Plaza Padre Lasa
Azken hilabeteetan lan titanikoa egin da auzo eta herrietan zein lantokietan. Auzoei eta herriei dagokienez, ehunka greba-batzorde aktibatu dira, eta horien helburu nagusia izan da grebaren aldarrikapenak bere arloan gizarteratzea, bertan bizi den jendea aktibatzea eta grebaren eguna bera antolatzea. Era berean, euskal gehiengo sindikalak lantoki guztietara eraman ditu grebaren aldarrikapenak, atxikimenduak jaso ditu, eta ehunka batzar egin eta egingo ditu datozen egunetan, arrazoiak azaltzeko eta langileak grebara deitzeko.
Lan horren emaitza dira enpresa-batzordeetan bildutako 186 atxikimenduak.
Greba feminista orokor hori greba historikoa izango da, aurrekaririk gabekoa, eta azaroaren 30ean baino eragin handiagoa izango du gizartean eta politikan, eta jarraipena izango du datozen hilabeteetan.