ELAk bere erresistentzia-kutxa aktibatu egin du Nafarroako 24 grebetan (2021-22)

2022/06/08
Azken 45 urteotako hautu estrategikoa izan da ELArentzat erresistentzia kutxa, “bestela, grebarako gaitasunik ez dagoenean, patronalak nahi dituen hitzarmenak sinatzen dira”, oroitarazi du Saioa Urrizak ELA-Iruñeko eskualdeko arduraduna, Alazne Mantxola sindikatuko diruzainarekin batera Iruñean eskaini duen prentsaurrekoan.

Horregatik, ELAk afiliatu bakoitzaren kuotako 4 eurotatik 1 erresistentzi kutxara bideratzen du. Hau da, sindikatuaren 100.000 afiliatu baino gehiagok egindako ekarpen ekonomikoaren %25 doa erresistentzia kutxara. Horietako 11.151 pertsonak Nafarroako afiliatuak dira.
“Elkartasun tresna paregabea” dela berretsi du Urrizak, langileek elkar babestea dakarrelako. Datuek ere hori erakusten dute: 2021ean, 2.096 afiliatuk erresistentzia kutxa erabili zuten euren eskubideak defendatzeko. Horietako asko Nafarroan egindako grebetan (testu bukaeran, honen zerrenda dago). Eta atzerago joz gero eta pandemia tarteko izan dela jakitun, 2017tik 13.000 afiliatu inguru izan dira kutxara jo dutenak.
Gainera, Alazne Mantxolak azpimarratu du langileek eurek aktibatzen dutela erresistentzia kutxa, araudia betez gero. “Langileek greba egitea erabakitzen dutenean aktibatzen da”. Eta horri esker, langileak 1.243 euro jasotzen ditu hilero grebak dirauen bitartean (norberaren soldataren mugarekin). “Emaitzak hor daude, akordio onak lortzen ditugu ere gure zerbitzu juridikoei esker: 9 abokatu lanean daude ELA Nafarroan, eta 2021ean, 652 espediente eraman zituzten aurrera. Hori ere ordaintzen da afiliatuen kuoten bidez”.
Horregatik, afiliatu oinarri zabala eta konprometitua behar du sindikatuak, Saioa Urrizak oroitarazi duenez. Izan ere, euren ekarpenei esker sindikatuaren autonomia ekonomikoa eta independentzia politikoa bermatzen dira. “Erresistentzia kutxak bermatzen digu alternatiba bat: akordio onak bakarrik lortzen dira presionatzeko gaitasuna baldin badugu; grebak ez dira irabazten -azpimarratu zuen Urrizak- arrazoia dugulako, baizik eta eusteko gaitasuna dugulako”.
Ildo horretan, Urrizak gogoratu du “enpresak etekin historikoak lortzen ari direla eta lan karga handia daukate. Hala ere, patronalak ez du KPIa igo nahi, ez du soldata arrakalarekin bukatu nahi eta ez du akordio onak sinatu nahi”. Gauzak horrela, “erresistentzia-kutxa bezalako tresna indartsu bat behar dugu; hori ezean, sindikatu bat ahulezia egoeran dago”.


2021-2022an ehundaka langileek parte hartu dute lan baldintzak hobetzeko grebetan Nafarroan. ELAk Erresistentzia kutxa hurrengoetan ireki du:

Benecke-Kaliko
Defontaine Iberica
Miasa
Electroaceros
Talleres de reparación
H & M
Bolsas Oses
Cementos Portland
Neumáticos Aizoain
Sephora (2020.urtean hasitakoa)
Cirmauto
Rotxapeako igerilekuak
Socamex
Erom
Zardoya Otis
Acciona Jardines
Residencias
Torraspapel
Douglas
ISNN
General Mills
Agrozumos
Silenciosos Falces
Isringhausen