Benecke-Kalikoko Greba Batzordeak greba berresten du

Benecke-Kalikoko Greba Batzordeak greba berresten du
Tamalgarria da UGTk langileak alde batera utzi eta enpresa-zuzendaritzarekin bat egitea, enpresak eragin duen egoera jasanezina amaitzeko urratsik egin ez duenean

Benecke-Kaliko enpresako zuzendaritzak, gaur egun Continental multinazionalaren jabetzakoa denak, lan-baldintzak eta lan-harremanak okertu ditu, ERTE bat inposatu du alde bakarrez, eta kaleratzeak egin ditu, azkena mantentze-lanetako langile batena. Egoera horren ondorioz, enpresa osatzen duten 100 langilek greba mugagabera jo dute otsailaren 26tik.

Hain zuzen ere, enpresako zuzendaritzak ez du greba-batzordearekin hitz egin nahi izan otsailaren 26ra arte, nahiz eta greba egin aurretik negoziatzeko prest egon de batzordea.

Ostiraletik, 26tik, hainbat bilera egin dira akordiorik lortu gabe, eta kaleratutako langilea berriro hartzea izan da oztopo gaindiezina. Hala eta guztiz ere, akordio baten bila, 2022ko abenduaren 31ra arteko enplegu konpromisoa proposatu dio Batzordeak zuzendaritzari. Zuzendaritzaren erantzuna izan da aurretik zegoen Lan Ikuskaritzaren aurrean jarritako praxi txarragatiko salaketa kentzea exijitzea, eta lan-harremanak hobetzeko negoziazioak irauten duen bitartean Ikuskaritzari salaketarik ez jartzeko eta epaitegian demandarik ez egiteko konpromisoa eskatzea. Enpresako zuzendaritzaren posizio honek erakusten du zer-nolako jokaerek okertu dituzten enpresako lan-harremanak.

Tamalgarria da UGT enpresa-zuzendaritzaren alde jartzea eta grebari amaiera emateko eskatzea, Benecke-Kalikoko langileak alde batera utziz eta langileek beren eskubideak errespetatzeko dituzten tresnetako bati uko eginez.

Egoera horren aurrean, LABeko 3 ordezkarik, 2 independentek eta ELAko batek osatutako greba batzordeak greba berresten du, eta gatazkari irtenbidea bilatzen jarraituko du.