Bi eguneko lanuzteen ondoren, FM Logistic-eko langileek %7,5eko soldata igoera eta soldatak parekatzea lortu dute

2022/05/13
ELAko 2 ordezkarik eta UGTko batek (sindikatu horretako beste 2 ordezkarik ez dute akordioa sinatu) soldata igoera izugarriaz gain, lan berdina eginez urtean 1.200 euro gutxiago kobratzen zituzten 25 langilek soldata bera izatea lortu dute

Atzo, maiatzaren 12an, txanda bakoitzeko 4 orduko bi lanuzte partzialen ondoren, ELAko bi ordezkarik eta UGTko batek (UGTko 2 ordezkarik ez zuten akordioa sinatu) akordio bat lortu zuten FM Logistic-eko Zuzendaritzarekin, lan gatazkari amaiera emanez langileek ezarritako helburuak lortuta. FM Logistik KYBSEk Ororbian duen lantegiko logistika lanez arduratzen da.

Akordio honek %7,5eko soldata igoera jasotzen du 2022an. Gainera, egun dagoen soldata eskala bikoitza ezabatzea lortzen da. Hau da, lan bera eginez urtean 1.200 euro gutxiago kobratzen zituzten 25 langile ingururen soldata gainontzeko lankideen soldatarekin parekatzea lortu da.

ELAk azpimarratu du akordio horren arrakasta plantillak erakutsitako batasuna eta irmotasuna direla. Lan bera eginez soldata baldintza desberdinak zituzten lankideen arteko elkartasunak fruituak eman dituen antolaketa eta mobilizazio bide horretan jarraitzera bultzatzen ditu langileak.