Bi langile hil dira 48 orduko epean Nafarroan

2018/03/19
Honez gero lau dira aurten Nafarroan lan-istripuen ondorioz hildakoak. Lehenik eta behin ELAk gertaerekiko bere samina eta haserrea agertu nahi du, eta Sakana nahiz Iruñerriko, eta, bereziki, hildakoaren senitarteko eta hurbilekoekiko babes eta elkartasun osoa adierazi nahi ditu.

Jakina denez, martxoaren 15ean Lakuntzako (Nafarroa) Sakana Sociedad Cooperativa enpresan lanean ari zela burdinezko pieza bat erori zitzaion gaztea hurrengo egunean, martxoak 16, hil zen, hain justu, A-15ean Tiebas parean gertatutako beste istripu baten ondorioz kamioi-gidari bat hil zen une berean.

Aurten Nafarroan lan-istripuz hildako hiru eta laugarren langileak dira, eta guztira 14 dira 2018an Euskal Herrian bere lanpostuetan bizitza galdu duten pertsonak. Zentzu horretan, nabarmentzekoa da 2015eko ekainean beste lan-istripu hilgarri bat gertatu zela Sakana S. Coop-en bertan, teilatuan konpontze lanak egiten ari zen azpikontrata bateko langilea erori eta bertan zendu zelarik.

Laneko heriotzak ez dira zorte txar edo kasualitate kontuak, sahiesgarriak dira eta lan baldintza makur eta segurtasun neurri gabeziarekin dute lotura. Arrazoi nagusien artean gehiegizko lan karga eta lan-erritmo jasanezinak daude, baita segurtasun eta osasun arloko inbertsio falta ere. Horregatik, eta balizko ardurak argitze aldera, gertatutakoaren ikerketa sakona ahalik eta azkarren egin dadila eskatzen du ELAk.

Egoeraren larritasunaren aurrean, ELAk laneko arriskuen prebentziorako arautegia zorrotz betetzea eskatzen die enpresei. Patronalari, aldiz, Nafarroako lan baldintzak prekarizatzeko eta hauen hobekuntza galarazteko estrategia bertan behera uztea. Era berean, ELAk erakunde publikoen pasibotasuna salatu nahi du, eta Gobernuari eskatzen dio baztertu ditzala lan-osasuneko kontzertazio politika publikoak, eta bideratu ditzala behingoz baliabide ekonomiko nahikoak enpresen kontrol eta jarraipenerako beharrezkoak diren neurri errealak ezartzera.

ELAk bere aldetik, Nafar langileriaren lan eta bizi baldintza duinak lortzeko bidean enpresa eta lantokietako antolakuntza indartzeko konpromisoa berretsiz, euskal gehiengo sindikalak deituko dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi du.